Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan Zaintza lanen demokratizaziorantz jardunaldiak antolatu dira apirilaren 1ean eta 2an. Helburua zaintza-krisitik irteteko proposamenak lantzea da.

Izan ere, zaintza arloak dituen hu-tsuneak agerian gelditu ziren Beterri-Buruntza eskualdean egindako azterketa batean. Laburbilduz sektore feminizatua eta merkantilista bat dela azaleratu zen.

Hortaz, lan baldintzak hobetzea eta zaintzaren antolaketa eta ardura banaketa aldatzea guztion ardura dela ondorioztatu zen diagnostiko horretan. Izan ere, zaintza lanak gutxietsita daude. Arazo horiek hausnartzeko eta irtenbideak proposatzeko jardunaldi batzuk antolatzea beharrezko ikusi zen.

"Duela lau bat urte egin zen azterketa hori eta diagnostiko horren gaineko hausnarketa egin eta eztabaida sortzea zen asmoa", azaldu zuen Xabier Lertxundik, Hernaniko alkateak. Pandemiaren ondorioz, gainera, "zaintzak ikusgarritasuna lortu du jendartean. Erakunde publikoen aldetik ere, batzuen aldetik behin-tzat, garrantzi gehiago eman zaio arlo horri eta zaintza lanei ", gaineratu zuen.

"Gaur egun zaintza lanak antola-tzeko dugun moduak ez ditu gizartean dauden beharrak asetzen. Egun, sistemak ez du gaitasunik biztanleriaren geruza askoren ongizatea bermatzeko eta datozen urteetan egoerak okerrera egingo duela iragartzen dute datuek, zaintzak beste era batera eratzen ez baditugu behintzat", azaldu zuten.

Hau horrela, Miren Arangurenek, Emagineko kideak, azpimarratu zuenez, "demografia piramideak erakusten duenez, geroz eta zain- tzaile potentzial gutxiago egongo da". Aldiz, zaintza behar duten pertsonen kopurua haziko da.

Jakitera eman zutenez, biztanleriaren zahartzeak, menpekotasun indizearen gorakadak, emakumeen lan merkaturatzeak, politika neoliberalen garapenak eta askotariko familia ereduen hedapenak (besteak beste, familia geroz eta txikiagoen eratzea) zaintzak antolatzeko moduetan inpaktu handia izan dute eta, ondorioz, zaintza krisiaz min-tzo dira talde zein teorilari feministak, ez baitira egoera horiei aurre egiteko bitarteko publikoak jarri.

Pandemiaren ondorioz, jardunaldiak bi aldiz gelditu dira bertan behera baina oraingoan, behingoz, egin egingo dira. Izan ere, 2020ko maiatzan aurkeztu zen Zaintza lanen demokratizaziorantz: Beterri-Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena. Geroztik, Hernanin hainbat egitasmo jarri dituzte martxan, baina oraingoan herritarren arteko eztabaidan sakondu nahi zuten, zein konpromiso gehiago har daitezen aztertzeko. Horrela, apirilaren 1ean eta 2an herritarrekin zaintzaren inguruan hausnartu nahi dute, Hernani zaintzailerantz urrats gehiago emateko. Izen-ematea zabalik dago 943 337 017 telefonoan.

Jone Arrazolak, Berdintasun teknikariak, jardunaldiaren xehetasunak azaldu zituen: "Lehenengo egunean 17.00etan harrera izango da eta lehenengo gauza gaiaren kokapen orokor bat egingo dugu. Ondoren, Euskal Herriko Bilgune Feministako Naia Torrealdai gonbidatu dugu talde feministek izan bai-tziren zaintzaren krisia azaleratu zuten lehenengoak".

Bigarren egunean beste herri ba-tzuetako esperientziak ezagutzeko aukera izango da, bai urrutikoak, Bartzelonakoak, baita gertu-gertukoak ere, Usurbilen Matia Fundazioa eraikitzen ari den adinekoen-tzako zainketadun bizitoki berritzailea. Mahai-inguruan ere Liz Quintanak eta Txefi Rocok, Trabajadoras No Domesticadas elkartekoek, parte hartuko dute.

Kulturarteko Plaza Feministan burutuko da hausnarketa eta izen-ematea dagoeneko zabalik dago