Síguenos en redes sociales:

Udalaren arabera, Ordiziak hamaika igogailu behar ditu

Udalaren arabera, Ordiziak hamaika igogailu behar ditu

- Ordiziako Udalak Irisgarritasun Plana berritu du. Izan ere, udalerriak irisgarritasun unibertsala izatea nahi du udal gobernuak, eta horretarako orain arteko plana aztertu eta berria eratu du.

"Badakigu gure herria malkar-tsua dela baina gure ardura da Ordizia herri irisgarria izatea guztiontzako, eta bide horretan urratsak ematen ari gara", azaldu zuen Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak, Irisgarritasun Plan berrituaren aurkezpenean. "Lehengoa 2008koa zen, eta bertan ez ziren behar bezala jasotzen Ordiziak dituen altuera maila aldaketak", gehitu zuen alkateak. "Azterketak azalarazi du igogailu batzuen beharra duela udalerriak", gaineratu zuen.

Hain zuzen ere, hamaika igogailuren beharra nabarmendu da Ordizian. "Badakigu jarduketa hauek ezin direla egun batetik bestera egin; obra handiak dira, aurrekontu eta denboraz. Baina Plan hau izango dugu gidari", jakinarazi zuen Ezenarrok. Bide horretan, Altamira auzo guztiaren irisgarritasuna bermatuko da; horretarako, Tximistako eremutik igogailu bat eraikiko da.

Bestalde, udalerriko espaloien eta oinezko pasabideen irisgarritasuna hobetzeko proposamenak ere deskribatzen ditu Irisgarritasun Plan berrituak. Testuinguru horretan, Zuhaizti eta Barandiaran plazen, eta Etxezarreta eta Andra Mari kaleen irisgarritasuna hobe-tzea aurreikusi da.

Eraikin publikoen azterketa ere egin da irisgarritasunaren ikuspuntutik. Barrena Jauregia, Muxika Dorrea, Jakes Etxea, Zuhaizti Eguneko Zentroa, Oiangu Baserria eta Altamirako Eskola Zaharra aztertu dira. "Irisgarritasun maila fisikoaren eta sentsorialaren artean desoreka handia dagoela aipatu daiteke, sentsoriala ez baita fisikoa bezain beste garatu", agertu zuen Projekta Urbes enpresako Patxi Galarragak. "Seinaleztapen eta Informazio Irisgarriak atalean egin dira eraikinetan arlo hauek behar bezala garatzeko proposamenak", erantsi zuen.

Projekta Urbes enpresaren laguntzarekin, Ordiziako Udalak Mapa Morearen parte-hartze prozesua abiatu zuen 2021eko ekainean.

Mapa Morearen helburua, udalerriaren argazki osatuena lortzea izan zen, dauden gabeziak eta indarguneak identifikatuz eta ardatza genero ikuspegia izanda.

Ordiziako Udalak "ezinbesteko-tzat" definitu zuen Mapa Morearen parte-hartze prozesua Irisgarritasun Plan osatua izateko. Guztira, bost parte-hartze saio egin ziren.