- Begi Bistan enpresak Urola Kostako Udal Elkartearekin lankidetzan sortu berri duen Behoria Garbia egitasmoak ingurumenarekiko sentsibilizazioa jorratzea du helburu; bereziki, gazteenengan. Hala, bi ardatz nagusitan oinarrituko da. Alde batetik, gozamenetik abiatuta. Jolasa eta gamifikazio teknikak ditu oinarriak proiektuak. Jolasaren eta gozamenaren bidez, ingurumenarekiko sentsibilizazioa sustatuko da: naturan eta naturaz gozatzearekin batera, hondakin-prebentzioan eragin eta ingurumen jasangarriago baten aldeko konpromisoan sakontzeko.

Bestetik, Oria ibaiari keinu eginez, Oriotik, Urola Kosta eskualdetik eta inguruko herrietatik haratago, natura-gune gisara duen potentzialtasuna gizarteratu nahi da.

Orioko Herri Ikastolako eta Usurbilgo Udarregi Ikastolako ia 150 ikaslerekin batera, Donostiako, Hondarribiako eta Durangoko beste hiru ikastetxek ere egin dute bat ekimenarekin. Guztira, LH-ko 5.mailatik hasi eta DBH-ko 4.mailara bitarteko ia 300 ikaslek hartuko dute parte proiektuan.

Martxotik maiatzera bitartean gauzatuko da ekimena. Lehenik eta behin, birziklapenarekin loturiko hiru talde-erronka egingo dituzte ikasleek. Bigarren jardueran, euren ikastetxeetan hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko dituzten formula ezberdinak aurkezteko minutu inguruko bideo bat egin beharko dute. Hirugarren ariketa, artelan bat egitean datza.

Hiru erronkak amaitu ostean, maia-tzaren 9an eta 10ean ikasle guztiek jai giroan egingo duten Oria Ibaiko jaitsiera erraldoiarekin emango zaio amaiera egitasmoari. Proiektuan parte hartu duten ikasle guztiek Oria ibaian zehar kayaketan ibiltzeko aukera izango dute. Eta naturaz gozatzearekin batera, ibaiko hondakinak jaso-tzeko ere baliatuko da irteera.