Síguenos en redes sociales:

Elgetako jeltzaleek Mendizaleen plazako etxea Ukraniako errefuxiatuei bideratzea eskatu dute

- Mendizaleen plazako etxea "Ukraniako errefuxiatuentzat lehenbailehen" bideratzea proposatu du Elgetako EAJk. Euskadik 1936an jasandako gerra ekarri dute gogora jeltzaleek: "Elgetarrek ondo jasota daukate memorian sarraski hura. Bertako eta inguruetako gudariek eta euren familiek gorriak pasa zituzten garai hartan eta ume asko, Gernikaren bonbardaketaren ondorioz, atzerrira bidali zituzten gerra hartatik salbu gera zitezen. Orain guri tokatzen zaigu besteek gurekin egin zuten lan hori egitea", dio EAJk ohar baten bidez.

"2020 bukaerarako amaitua behar zuen gazteentzat bideratuta zegoen Mendizaleen plazako etxea, baina 2021 ondo aurrera sartu arte ez zen prest egon", azpimarratu dute. Hala ere, gazteen artean proiektu honek ez duela "arrakasta handirik" izan adierazi dute jeltzaleek; beraz, "gaur egun Ukrania bizitzen ari den egoera ikusita, premia handia dago etxerik eta herririk gabe geratu diren milaka eta milaka errefuxiatu ukraniarrei laguntzeko".

Halaber, EAJk alkate ordeari eskatuko dio Foru Aldundiarekin harremanetan jar dadila, "lehendakariak aurkeztu duen Ukraniarrentzako Euskadiko Lehen Kontingentzia Planaren barruan, Elgetako eskaintza egin dezan".

Jeltzaleek "erabat" gaitzesten dute "Putin diktadore basatiaren inbasioa eta Ukranian sortzen ari den sarraskia". "Basati honek ez ditu ez ospitaleak, ez umeak, ez giza korridoreak eta ez Nazio Batuen bete beharrak ere errespetatzen. Eta Elgetan badugu orain aukera ahal dugun neurrian laguntzeko", defendatu du EAJk.