Zumaiako Udalak hurrengo bi urteetako aurrekontua herritarren artean eztabaidatuko du
- Udalak partaidetza prozesu bat hasi du 2023ko eta 2024ko udal aurrekontua herritarren artean eztabaidatzeko eta erabakitzeko. Aurrekontuen zati handi bat jada martxan dauden zerbitzu eta ekimenetara bideratzen da: kultur etxea, kiroldegia, kale mantenimendua, langileen soldatak,dirulagun-tzak... Baina beste zati bat urtero erabakitzen diren proiektu eta beharretarako gordetzen da. Kopuru horren zati bat da datozen bi urtetan zumaiarren esku jarri nahi dutena. 500.000 euro, hain zuzen ere. Kopuru hori bi urtetan banatuko dute, eta proiektu bakoitzak ezingo du 125.000 euroko kopurua gainditu. Edonola ere, proposamen eta ideia guztiak jaso nahi dituzte. Hala, prozesuari ekiteko galdera luzatu die Udalak zumaiar guztiei: Zer egingo zenuke Zumaian 500.000 eurorekin?
Proposamenak egiteko epea, martxoaren 31era arte egongo da zabalik. Lau aukera daude horretarako: orria bete eta postontzietako batean uztea. Udaletxean, kiroldegian, Alondegian, Gizarte Zerbitzuetan eta Oikiako eskolan jarri dituzte positontziak; kalean egongo diren standetara hurbiltzea. Ostiral honetan eta hilaren 25ean Saregile plazan egongo da horretarako aukera, 11.00etatik 13.00era eta 18.00etatik 20.00etara; saio irekietan parte har-tzea. Horiek hilaren 15ean, 24an eta 29an egingo dira, Alondegiko Oxford aretoan, 18.00etan. Azken aukera proposamenak online egitea izango da, partaidetza.zumaia.eus webgunean.
Lehenengo fasean, martxoan, herritarren proposamen eta ideiak jasoko dituzte, aurrez azaldutako moduan. Apirilean ekingo diote bigarren faseari. Herritarrak, ordezkari politikoak eta udal teknikariak elkarrekin arituko dira lanean, pertsona zehatz baten proposamena izatetik Zumaia hobetzeko proiektu izatera igo daitezen. Bilera irekiak egingo dituzte, eta, "guztien artean, hainbat irizpide kontutan hartuta, jasotako proposamenak lehenetsiko dira", azaldu dute Udaletik. Lan saio horiek bukatzean, jasotako proposamenak aztertu eta balorazioak egingo dituzte udal langileek. Irailean helduko diote berriro ere prozesuari.