- Eguraldiaren iragarpena dela eta, Urretxu eta Zumarragako Bi-Tartean merkatari elkarteak stock azoka egun bat aurreratzea erabaki du. Hala, gaur egingo dute: 10.00etatik 20.00etara, Zumarragako Zelai Arizti parkeko karpan. Azokan 13 dendek parte hartuko dute. 15 postu jarriko dituzte. Bestalde, zenbait dendarik beraien produktuak denden kanpoaldera aterako dituzte.

Zelai Arizti parkeko karpan Bapri, Kuxkux, Bidegorri, Titare, Alex Kirolak, Mari, Ezpeleta, Mundu Txiki, Ederki, Kuttun, Aitxu, Marai&NKN eta Naif dendek parte hartuko dute.

Bestalde, Rueda, Intersport, Oskarbi, Lorea, Bidegorri, Baby, Agurtzane, Aitxu, Amane, Mentxu y Yone, Arku, Natalietta, Xarmanki, Stylo, Inaxio, Naif, Doss, Otxaran eta Santa Cruz dendek beraien produktuak kalera aterako dituzte.

Stock azoka atzo aurkeztu zuten, Zelai Ariztin bertan. Ekitaldian, Cristina Alfonso elkarteko lehendakariak, Mila Bernabe idazkariak, Natalia Mora-Gil bokalak eta merkataritza bulegoko Maider Sudupek eta Maria Pavonek parte hartu zuten.

Egun osoan zehar musika egongo dela eta 17.30ean txokolatada egingo dute. Txokolatadarako txartelak parte hartuko duten dendetan erosketak egiten dituztenen artean banatuko dituzte. Gainera, arratsaldean haurrentzako tailerrak egongo dira.

Stock azokaren helburua merkatariek produktuak saltzea eta herritarrei denboraldiko kalitatezko produktuak prezio onean erosteko aukera ematea da. "Azoka honetan asko saltzen da", aipatu zuten. Pandemiak gogor kolpatu ditu, baina baikor ageri dira. "Merkataritza dinamizatu nahi dugu, bizirik dagoela erakutsi".