- Emakumeen Nazioarteko Egunaren programa herriko hainbat eragilek antolatu dute elkarlanean: Lezoko Emakume Taldea, Gaxuxa elkartea, Kuadrillategi, Zinema Txikia, Herri Eskola, Pasaia-Lezo Lizeoa, Lezo institutua, osasun zentroa, Haur Txokoa eta Udaleko Kultura, Kirola eta Berdintasun sailek.
Guztira lau ekitaldi eta erakusketa bat egongo dira. Ekimen guztiak doan izango dira eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko udal webgunean (www.lezo.eus/agenda).
Honenbestez, ekitaldiak martxoaren 5ean hasiko dira. Luze edo Motz antzezlana taularatuko da Gezalan, 19.00etan. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai ariko dira bertan. Generoa hizpide da ikuskizun horretan, beti ere umorearen ikuspegitik.
Martxoaren 6an Lilaton lasterketa egingo da Donostian, 10.30ean Bulebarretik hasita, eta deia luzatu da herritarrak bertaratzeko, iazko azaroaren abiatutako Lezoko Emakume korrikalariak taldean diharduten eta lasterketan ariko diren emakumeak animatzeko.
Martxoaren 8an, arratsalde partez, elkarretaratzea deitu du Lezoko Emakume taldeak, udaletxe aurrean edo Saldisen eguraldi txarra eginez gero. Bertan txapak eta zapiak banatu eta Vinu, Cantares y Amor abestiari helduta, Anari musikari ospe-tsuak egindako bertsioa abestuko da taldean. Ilargi Arrizabalaga lezoar musikariaren laguntzaz egingo da eta ondoren, manifestazioa egingo dute Errenterian mugimendu feministak egindako deialdiarekin bat egiteko.
Martxoaren 15ean, berriz, Cholitas dokumentala ikusteko aukera izango da, Gezalan, 19.00etan, Zinema Txikia, Gaxuxa eta Berdintasun sailaren ekimenez.
Amaitzeko, martxoaren 14tik 20ra bitartean, Gaxuxa herriko emakumeen elkarteak ikasturtean barrena landutako eskulanen erakusketaz ikusgai izango da Kultura Aretoan.
Egitarau osoa Udalaren webgunean kontsulta daiteke.