- Astearteko osoko bilkuran elkarri mokoka aritu ziren Zumarragako gobernua (PSE-EE) eta oposizioaren (EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarraga), PSE-EEren mozio bat zela eta.

Duela aste batzuk oposizioko hiru alderdiek alkateari errespetua eta jarrera aldaketa sakona eskatu zioten. Handik egun batzuetara, gobernu taldeak salaketa faltsuak egitea leporatu zion oposizioari.

Asteartean giroa gaiztotua dagoela nabarmen gelditu zen. PSE-EEk mozio bat aurkeztu zuen urgen-tziazko prozeduraz, eguneko gai zerrendatik kanpo. Mozioa adinekoen bizitza kalitatearen aldekoa zen. Oposizioko alderdiek edukiaren alde daudela esan zuten, baina mozioa aurkezteko moduaren aurka azaldu ziren. Hala, EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak abstentzioa eman zuten. Beraien ustez, gaia aurretik landu behar zen eta deklarazio instituzional gisa aurkeztu.

Mozioan, Udalak erakunde eta enpresei adinekoei aurrez aurreko zerbitzua eskaintzeko eskatzen die eta merkatariei eta ostalariei adinekoak kontuan hartzeko (ireki-tzeko errazak diren ateak, aulkiak eserita itxaron ahal izateko, letra handiak...). Bestalde, mozioan Eusko Jaurlaritzari Zumarragako anbulatorioa eguneko 24 orduetan ireki-tzeko eskatzen zaio. Udalak, bere aldetik, adinekoei gauzak errazten eta beraien beharrak kontuan har-tzen saiatuko dela azaldu du.

Mikel Serrano alkateak mozioa premiazko prozeduraz aurkeztearen arrazoia azaldu zuen. "Zumarragako biztanleen %25ak 65 urte baino gehiago ditu eta %10ak 80 urte baino gehiago. Neurriak lehenbailehen hartu behar dira".

Elkarrekin Zumarragako Ines Benitezek bankuak eta merkatariak ezin direla zaku berean sartu esan zuen. "Bestalde, anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunearen gaiak ez die adinekoei bakarrik eragiten. Denoi eragiten digu eta bere mozioa merezi du".

EAJko Josu Idigorasek mozioa aurkezteko modua kritikatu zuen. "Ostiralean osoko bilkuraren deialdia jaso genuen eta bertan ez zen mozioa agertzen. Atzo (astelehena) izan genuen mozioaren berri. Egokiena gaia patxadaz lantzea eta deklarazio instituzional gisa aurkeztea izango litzateke. Edukiaren %95ean ados gaudenez, ez litzateke zaila izango".

EH Bilduko Josu Aztiria EAJ eta Elkarrekin Zumarragarekin bat etorri zen.

Oposizioa adinekoen bizi kalitateari buruzko mozioaren edukiarekin ados ageri da, baina ez zaio gustatu nola aurkeztu den