Santa Lutzi feria, bigarren urtez jarraian, ez da egin Urretxun ezta Zumarragan ere. Hala, kaleak hutsik ageri ziren atzo goizeko lehen orduan: ez zaldirik, ez barazki eta fruta posturik... Batzuk jai eguna ohi baino beranduago jaiki-tzeko baliatu zuten eta beste batzuk, berriz, mendira joateko. Eguerdian, eguraldi ona lagun, herritar askok poteoa egin zuten. Batzuk etxetik kanpo bazkaldu zuten eta etxe askotan familia osoa elkartu zen. Arratsaldean, pilota partidez gozatzeko aukera egon zen. Hori eta bezperako Luzio Gabiriaren omenezko bertso jaialdia izan ziren ekitaldi bakarrak.

Pilota jaialdiari dagokionez, Peña II eta Albisuk, Ezkurdia eta Tolosaren aurka binakako txapelketako partida jokatu zuten. Ohi bezala, Promesa txapelketako partida ere jokatu zen. Partida horretan Xabier Erostarbe urretxuarra lehiatu zen. Salaberriak eta Erostarbek, Larrazabal eta Salaverri IIren aurka jokatu zuten.

Igandeko bertsolari jaialdiari dagokionez, Nafarroako txapelketa irabazi berri duen Saioa Alkaizak, Amets Arzallus Euskal Herriko txapeldun ohiak, Unai Iturriagak, Aroa Arrizubietak eta Antton Fernandez urretxuarrak parte hartu zuten. Gai jartzaile lanetan Mikel Iturriotz aritu zen. Iturriotzek saio ona izan zela aipatu du. "Saio arina eta polita izan zen eta jende dezente gerturatu zen. Ikusleak eta bertsolariak gustura gelditu ziren".