- Taberna mundua alde batera uzteko momentua iritsi zaiela iritzi dute Mertxe eta Juanjo Curiel anai-arrebek eta haien ama Antonita Olidenek. Azken hamaika urteetan kudeatu dute Orioko Zaharren Babeslekua eta azaroaren hasieran agurtu zuten egoitza.

"Ilusio handiarekin hasi ginen anaia, ama eta hirurok. Hori zen hasierako plana. Baina jende asko etortzen zela ikusita, langile gehiago kontratatu behar izan genituen", gogorazi du Mertxe Curielek. Izan ere, tartean eguneko menua eskain-tzen hasi ziren eta itxiera-ordua ere luzatzea lortu zuten.

Hainbeste urtetan tabernaren kudeaketaz arduratzearen gakoa, "pazientzia" dela aitortu dute: "Jubilatu asko bakarrik daude, eta haiekin eseri eta hitz egin behar duzu. Haien penak entzun...". Hala ere, "urte ederrak" izan dira eta "jende asko ezagutzeko aukera" eman die tabernak.

"Lan asko egin dugu, eta oso harro gaude. Ordu asko sartu ditugu, eta iritsi da familiaz gozatzeko momentua", hala adierazi zuen Mertxe Curielek.

Urte hauetan guztietan etxekoak bigarren mailan utzi behar izan dituzte lanean buru-belarri aritzeko. "Orain beste etapa bat hasiko da, eta lasaitasun pixka bat ondo etorriko zaigu", gaineratu du.

Bien bitartean, Zaharren Babeslekua itxita egongo da datozen asteetan, kudeatzaile berria aukeratzen eta lokalari konponketa txikiak egiten dizkioten bitartean, eta, dena ondo bidean, abenduarekin batera zabalduko ditu berriro ateak.