Donostiako Udalak "puntu eta jarraipen" bat egin dio gaur goizean ekainean zehar garatu den Donostia Zero Plastik ingurumen-kanpainari pleno aretoan egin den ekitaldi baten bidez. Ekimenean parte hartu duten hiriko agente desberdinek sardina baten irudia duten kutxatxoak jaso dituzte, zaindu behar den itsasoaren sinbolo gisa.

"Ekitaldi honekin ez da kanpaina itxiko, ez da hilabete bateko jarduera desberdinen amaiera. Kanpainaren helburua herritarrengan eztabaida sortzea izan da, guztioi dagokigun eta gure eguneroko ohiturak aldatzen jarraitu behar duen arazo baten aurrean gogoeta egitea: ez dira hainbeste plastikozko ontzi behar gure bizitzan. Guztiok gaude inplikatuta hondakin horien kudeaketarekin", azaldu du Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak ekitaldian.

Zero Plastik-ek erabilera bakarreko ontzien gehiegizko erabilera eta hondakin horiek ingurumenean eragiten duten kaltea hartu ditu kontuan. Ekainean zehar, ekimen ugari garatu dira Donostia hiri jasangarriagoa izan dadin. Horrela, Urumea ibaiaren garbiketak antolatu dira Arrauningekin eta ikastetxeekin; boluntarioek Ulia eta Saguesen garbiketak egin dituzte; tupperrak banatu dira arrandegietan plastikoa saihesteko; eta Donostiako Adierazpenean inplikatu dira hiriko 17 hotel eta apartamentu turistikoen kudeatzaile; hiriko supermerkatu-kate nagusiak; Donostia Shops eta kirol-klubak, besteak beste.

Era berean, egun hauetan Santa Klara uharteko eta Ondarretako tabernetan ontzi berrerabilgarrien erabilera ezarri da, adibidez, hondartzetan erabilera bakarreko ur-botilak ugaltzea saihesteko. Bezeroak iturriko ura eduki ahal izango du botila batean, eta botila hori ordaindu egin beharko du. Ontzia itzultzean, ordea, dirua berreskuratu ahal izango du. Zurriolako hondartzan, halaber, bisigu erraldoi bat jarriko da Emaus Fundazioarekin lankidetzan barruan plastikoak uzteko, bai hondartzara eramaten direnak eta baita itsasoak ekartzen dituenak ere.

Hori guztia klima-aldaketaren aurkako ekintza-planaren barruan dago (Klima DSS 2050 Plana). Plan horren lan-ildoetako bat ekonomia zirkularra da, eta baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzea, ahalik eta denbora gehien erabiltzen jarraitzea eta hondakinak minimizatzea du helburu.