Lourdes Iriondok Andoaingo ikastolaren alde kantatzeko igo zen oholtzara lehen aldiz 1964. urtean eta bere ahots argia eta mezu zuzenak aise hedatu ziren. "Nere gitarratxoa lagun dedalarik/ herriz herri nabil ni kantari!", abesten zuen. Halere, zer esaten zuen: "Nik ez det famarik desio, etzait batere ajola. Nik euskal publikoak eskatzen didalako abesten det".

Donostian jaio arren, urnietartzat zuen bere burua. Izan ere, zazpi urte zituela Donostiatik Urnietara joan zen bizitzera Iriondo-Mujika sendia. Hamaika anai-arrebetatik bigarrena zen Lourdes. Joxemari Iriondo kazetariak gertutik ezagutu zuen, lehengusu izateaz gainera, Herri Irratian eta Ez dok Amairu taldean elkarrekin aritu ziren. Bidegileak bildumaren barruan Lourdes Iriondoren biografian pasarte politak jasotzen ditu, tartean, familiaren etxebizi-tzari buruzkoa. "Urnietako Torrea jauregiko bi azkenengo damek, Mikaela eta Tomasa Galardi ahizpek, herriko neskatoentzat eskola bat eraikitzeko utzi zituzten bere ondasunak 1886 aldera. (€) Baina fraide oblatoak egin ziren jauregiaren jabe (€)".

36ko gerratean, ordea, komentua erre eta etxe berri bat eraiki zuten, Ramuntxo Iriondo eta Maria Mujika senar-emazteen etxebizi-tza izango zena. "Torreako dama bihozbera haien ametsa neurri batean beteko zuen neskatoa izango zen Lourdes", hausnartzen du kazetariak, Urnietako gaztetxoekin lan ederra egingo baitzuen gerora abeslariak.

Eskolako ikasketak bukatu ondoren, 1956. urtean, Gasteizko Misioneras Seculares ikastetxean sartu zen, misiolari izatea baitzen bere asmoa, baina handik urtebetera, 20 urte besterik ez zituenean, bihotzeko gaitza antzeman zioten. Oraindik ez bazekien ere, estenosi mitrala izeneko gaixotasunak bere bizitza baldintzatuko zuen aurrerantzean.

Osasun arazoak

Musika bidelagun

Ebakuntza beharrezkoa zuen eta familia onekoa izanik, Pariseko zirujau ospetsu batekin harremanetan jarri ziren, zeinek Kanbon egin zion ebakuntza. Bizimodu lasaia beharko zuela agindu zioten eta horrek kezkaz beteko zuen haren ama handik aurrera, kantaldietan hara eta hona zebilela ikustean.

Misioetara joateko ametsa alde batera utzita, Urnietan egin zuen Iriondok bizimodua. Musikarako zaletasun berezia zuela eta, herriko txistularien bandarekin ibili zen, ahizpak erizain bezala irabazitako lehenengo soldatarekin erosi zion txistua harro erakutsiz. "Baina ez zen edozerekin konformatzen zen horietako gaztea, eta herriko abestalde eta txistulariekin saiatzea aski iruditzen ez, eta opera eta kantua ikasten hasi zen burubelarri Donostiako Mari Paz Urbieta andereñoaren akademian", jasotzen du Bidegileak bilduman. Zazpi urte eman zituen opera eskolak jasotzen, osasunaren muga berriro aurkitu zuen arte. Gaixoaldiak etxean egotera behartu zuen eta bere musikarako zaletasuna ezagututa, aitak gitarra oparitu zion. "Orain, lotara ere berarekin joaten naizela esan daiteke", aitortu zuen. Abestiak sortzen hasiko zen, bere estilo bereziarekin: "Edukiz sakona zen, argia zein apala, lehenengo urteetan gozoa, eta gogorragoa gero", dio kazetariak. Mezuz josita zeuden Iriondoren abestiak, 1965eko elkarrizketa batean kantariak berak aitortu bezala: "Beharbada, lehenago abestia gauza polit bat bezala kontsideratzen zen, eskakizun handirik gabeko gauza arin bat bezala. Gaur, berriz, eskakizun handiak ditu herriari kantatzen zaion abestiak. Beste kon-tzientzia batekin kantatzen da gaur. Herriaren problemak kantatzen dira".

Euskal kantagintzaren erreferente

"Euskal Herriko nobia"

1964. urtean, Andoaingo lagun batzuek beregana jo zuten herriko ikastolaren aldeko jaialdi batean parte hartu zezan, baina benetako estreinaldia urtebete beranduago etorriko zen, Aizarnako gazteriaren egunean kantatzeko gonbidapena jaso zuenean. Orduz geroztik sekulako arrakasta etorriko zitzaion: "Herri askotatik hots egiten didate abestera joan nadin. Inor ez dadila haserretu, baina ezin naiz denetara iritsi", esango zuen Zeruko Argia aldizkarian 1965eko ekainean. Urte mugitua izango zen hura Iriondorentzat, 40 bat kantaldi eskainiz. Ekarpen bikaina egin zion euskal kantagintza berriari, Mitchel Labegerie bera ere txundituta utziz: "Gure kantagin-tzaren etorkizuna ondo ziurtatuta dago horrelako kantariekin", esan zuen. Bilboko emanaldi batean "Euskal Herriaren nobia" ezizena jarri zion Gabriel Arestik, hain zen ospe-tsua abeslaria.

1965eko urrian, Lourdes Iriondo eta Joxe A. Artzeren ekimenez, euskal kantarien talde sendo bat sortzeko lehenengo bilera egin zuten Zarautzen. Horrela sortuko zen Ez dok amairu, euskal kantagintza berrituko zuen musika taldea baino gehiago abangoardiazko kultur mugimendua. "Musa, amabitxia, aitzindaria (€) edozer izan zitekeen zinez, bera zen eta taldeko lehena eta ezagunena", dio Joxemari Iriondok. Taldean ezagutuko zuen 1968. urtean bere senar izango zen Xabier Lete.

1972. urtean bakoitzak bere bideari ekitea erabaki eta Ez dok amairu desegin zen. Osasun arazoak zirela medio, 1978. urtean eskaini zuen Lourdes Iriondok azkeneko kantaldia, Xabier Lete, Antton Valverde eta Pantxoa eta Peiorekin batera Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Kulturari estuki lotuta jarraituko zuen Iriondok, batez ere haurrentzako antzerki eta literatur lanak idazten (Martin arotza, Jaun Deabrua, Sendagile maltzurra, eta abar). Urnietako neska-mutilekin ere lan bikaina egin zuen, an-tzerki eskola eta guzti antolatuz. Bere bizitzako azkeneko urteak Donostiako eritegi batean eman zituen gaixorik eta 2005eko abenduaren 27an zendu zen 68 urte zituela.