- Koronabirusak eragindako krisia dela eta, aurrekontuan aldaketak egin behar izan ditu Donostiako Udalak eta horietako bat haurreskola berriaren obrak egiteko abiatu zuen lehiaketa bertan behera uztea izan da. Loiolako Erriberetako haurreskola berria egokitzeko lanak ez dituzte abiatuko, momentuz.

Berez, ia 600.000 euro zituen gordeta lan horiek finantzatzeko eta martxoaren hasieran deitu zuen lanak egiteko lehiaketa. Dena den, beste hainbat tramitazio eta prozesuetan gertatu zen moduan, horretan ere COVID-19aren eraginez epeak eten egin ziren hasiera batean; eta, ondoren, deialdia bertan behera uztea erabaki zuen Udalak. Pandemiaren ondorioz, aurreikusitakoak baino diru sarrera gutxiago izango ditu aurten eta sortutako behar berriei erantzuteko partidak ere sortu beharko ditu. Horrek aurrekontuen berrikuspena eragin du eta esleitu gabe zeuden hainbat proiektuk mahai gainean geratu beharko dute, momentuz behintzat.

Haurreskola berria Nemesio Etxaniz kaleko 1 eta 3 zenbakietako beheko solairuan egokitzekoak ziren (etxebizitza babestuak dituen eraikin bat da eta Udalarena da). Gizarte Ekintzako bulegoak zabaldu zituzten eraikin horretan bertan 2016. urtean. Haien ondoan egokitu nahi dituzte bi urtetik beheragoko haurrentzako gelak eta Gizarte Ekintzako bulego hori ere handitzeko baliatu nahi dituzte obrak (32 metro karratu gehiago izango lituzke).

0 eta 1 urte bitartekoentzat gela bat eta urtebete eta bi urte bitartekoentzat bi gela sortzeko asmoa dauka Udalak proiektuaren arabera. Erabilera anitzetarako espazioak eta aulkiak uzteko lekua ere izango ditu eskola berriak, baita aldagelak eta bulegoa ere. Guztira, 312 metro karratu izango ditu. Ohi bezala, lanak Udalak enkargatuko eta kudeatuko ditu, eta horiek amaituta daudenean jarriko ditu instalazioak Haurreskolak Par-tzuergoaren esku.

Gaur egun Erriberetan ez dago haurreskola kontzertaturik eta horietako bat irekitzea Donostiako Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak sinatutako hirugarren lankidetza-protokoloaren konpromisoetako bat da. Bestea, Grosen ere beste eskola bat sortzea da, Zemoria kaleko 20. zenbakian.

Hirugarren konpromisoa Altzako instalazio berriak zabaltzea zen eta, azkenean, ikasturte honetan ireki dituzte ateak, Jolastokietako promozio berrian kokatuta eta zaharkituta zeuden Harri Berri eta Rotetako haurreskolen lekukoa hartuz.

Berez, 2018. urtearen amaieran sinatutako hirugarren protokolo horretan beste proposamen batzuk ere jasotzen dira. Besteak beste, Aieten eta Intxaurrondon egoitza berriak zabaltzea eskaria handia baldin bada; Txomineko egoera ere aztertzeko asmoa agertzen dute bi erakundeek, auzo berriak bi urtera arteko umeak hezteko eskola behar duen ikusteko. Hiru proiektu horiek, dena den, 2022. urtetik aurrera aurreikusten dituzte (garatuko balira).

Proiektua. Loiolako Erriberetako Nemesio Etxaniz kalearen 1 eta 3 zenbakietako eraikinaren beheko solairuan egokituko litzateke. 0-1 urte bitartekoentzat gela bat eta 1-2 urte bitartekoen-tzat bi gela izango ditu. Guztira, 300 metro karratutik gora.

Aurrekontua. Ia 600.000 euroko aurrekontua prest zuen Udalak lan horiei ekiteko eta, gainera, obrak ondoan dauden Gizarte Ekintzako bulegoak handitzeko ere baliatu nahi ditu.

Lehiaketa. Martxoan deitu zuen lehiaketa Udalak eta berehala tramitazio eta epe guztiak eten egin ziren COVID-19aren ondorioz. Pandemiaren eragina ikusita, esleitu gabeko hainbat lehiaketa utzi ditu bertan behera Udalak egoera berrira egokitzeko.