- Zumarte eraikinaren obra uztailaren 17rako amaituta egon behar zuen, bertan musika eskola eta Orbeldi dantza taldeak lan egiteko. Alabaina, COVID-19ak sortutako krisiak epe guztiak hankaz gora jarri ditu.

Eraikuntzaren sektorea geldiaraztearekin batera, hornikuntza arazoak etorri ziren. Ateak dira, zehazki, atzeratu direnak, baina enpresako ordezkari batek azaldu duenez, abuztuko azken astean iritsiko dira. Haren esanetan, abuztuko bigarren hamabostaldian tresnak eta sartzen hasteko modua izango dute Zumarte erabiliko dutenek: musika eskolakoek zein dantza taldekoek. Beranduenez, irailaren amaierarako guztiak bertan izatea aurreikusi dute. Dagoeneko, Zumarten beharko den ekipamendua erosita dago.

Obra honetan irizpide nagusi bat aintzat hartu da: eraikina hutsetik ez hastea, baizik eta dagoena mantendu, eta birgaitzea, hain zuzen ere, Potxoenean edo kiroldegian egin zuten bezala. Birgaitzeetan oinarri duten beste irizpide bat da material natural eta jasangarriak erabiliz egitea, egurra esaterako.

Zumarteren kasuan, eraikin nagusia mantendu dute, eta gainera, handitu egin dute. Ekaina bukaeran, Udalbatzako hiru alderdiak obra zuzendaritzarekin egindako bisitan, udal arkitektoak, Ekhiñe Egigurenek, azaldu zuenez, eraikinak gabezia handiak zituen: ez zituen betetzen suteen aurkako babeserako irizpideak, ezta irisgarritasun baldintzak ere. Horrez gain, musika eskolak zeukan eskaintzarentzako, espazio falta ere arazo bihurtua zen.

Hala, 2017an hustu zuten Zumarte musika eskola, eta OS3 arkitekto taldeari esleitu zitzaion lana. Eraikinaren erabilera guztiak kontuan hartuta, egun duen diseinua osatu zuten. Proiektuaren eta kontratuaren irizpide oinarrizkoena zegoena ahal zen heinean mantentzea eta birgaitzea izan da, behar zen azalera guztia edukitzeko.

Horrez gain, irizpide jasangarriak betetzeko, geotermia erabili dute, eta egurraren erabilera ere nabarmena da. OS3 taldeko kideek azaldu dutenez, lehen eraikinaren atzealdean zegoen lorategia galdu zenez, lorategi hori berreskuratzen saiatu dira estalki begetalak erabiliz.

Beheko espazioa eraikitakoan, argi naturala sartzeko beharra ikusi zuten, eta hainbat patio ireki dituzte, beheko espazio guztira argitasuna sartzeko. Horrez gain, Zumartek hiru sarrera izango ditu, eta Txaramunto kalea eta Kale Nagusia konektatzeko aprobetxatu dute.

Obra honetako irizpide nagusia birgaitzea izan da, dagoena mantentzea, material natural eta jasangarriak erabiliz