Asko dira uda garai honetan, hondartzaren ordez, igerilekua nahiago dutenak. Hala dio Manex Esnal, Aiako igerilekuko kudeaketa arduradunak: "Betidanik etorri izan da herri bertakoa ez den jendea, baina aurten egia da inguruko udalerriez gain urrutiago bizi diren herritarrak ere gerturatzen ari direla. Gehienbat hondartzara joan ohi diren familiak izaten dira, baina egoera dagoen bezala igerilekuetara etortzeko aukerak erakarri egiten die".

Aia herriak du bailarako igerileku publiko ireki bakarra eta hori nabarmena izan da eguraldi ona egin duen egunetan "jende asko" hurbildu baita. "Beste urteetan Zarautz, Orio, Asteasu eta Villabonako bizilagunak nagusitu izan dira. Aurten, ordea, donostiarrak eta lasartearrak ere izan dira bertan", argitu du.

Horren islada izan da bonuen salmenta ere. Hiru hilabeteetarako bonuak lehen egunetan agortu bai-tziren. Beraz, egunekoak bakarrik daude eskuragarri. Hauek bi motatakoak izan daitezke, helduentzakoak eta haur eta gazteentzakoak. Lehenengoak 18 urtetik gorakoen-tzat dira eta bost euro balio dute. Bigarrenak, aldiz, 4 urtetik 18 urtera bitartekoentzat dira eta lau euroko kostua dute.

Esnal kudeaketaz arduratzen bada ere, bere familia osoak egiten du bertan lan. Aurten, 20 urte beteko dituzte kargua hartu zutenetik eta horrelako egoera bat inoiz ez dutela pasa aitortu du Esnalek.

Horregatik, hainbat neurri hartu behar izan dituzte Udalarekin elkarlanean. "Edukiera %60koa izango da aurten; gehienez 459 lagun bildu daitezke igerilekuko gune osoan, 93 lagun igerileku handian eta 59 txikian. Uretan nahiz berdegunean, gutxienez metro eta erdiko distan-tzia gorde beharko dute elkarren artean bizikide ez diren herritarrek. Objektu pertsonalak partekatzea debekatuta dago eta aholkatzen da etxera iritsitakoan igerilekuan erabilitako gauza guztiak garbitzea. Beharrezkoa da, era berean, igerilekuaren esparru guztian zehar musukoa erabiltzea". Arrazoi berdinagatik, hamaka eta etzaulkiak gordetzeko aukera ez dute eskainiko.

Babes neurri hauez gain, gel hidroalkoholikoa kokatu dute sarreran, sartu aurretik eskuak desinfekta ditzaten.

Taberna ere badu Aiako igerilekuak. Bertan otorduak eskaintzen dituzte, aurretik erreserba eginez. Eguna pasatzera datorren orok, mota askotako plater konbinatu, errazio eta ogitartekoak aurki di-tzazke.

Zentzu honetan, pandemiaren aurrean bestelako erabakiak hartu behar izan dituzte eta oraingoan, ez dituzte kontzertuak edota bestelako ekitaldiak antolatu. Momentu honetan "herritarren segurtasuna bermatzea da gure helburua". Beraz, tabernetako ohiko neurriak jarraitzeaz gain, ez dituzte jende pilaketak suposatzen dituen ekimenik egingo.

Aiako igerilekuak eraberrituta ireki ditu ateak aurten. Udalak 2020an lehen fasea egitea adostu zuen.

Hala, irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan egin dituzte. "Aldapa nahiko handia zegoen lehen. Haatik, ondoko zelaia ahalbidetu dugu. Orain, mugikortasun arazoak edo ume-kotxeekin datozen bisitariek ez dute horrelako arazorik izango", jakinarazi du Aiako alkateak, Nekane Arrizabalak. Bestetik, haurren igerileku txikia ere gune irisgarria bihurtu dute, eta jolas-parkea du orain. Lanak Iturrioz enpresak egin ditu eta aurrekontua, 554.113 eurokoa izan da.

Behin lehen fasea bukatuta, bigarrenarekin hastea da asmoa. Taberna eta aldagelak berritu nahi dituzte, besteak beste.