- Lezoko Udalak Kilometro Lezo deituriko udako kultur agenda prestatu du uda sasoia bertan dela profitatuz. Herria “kulturalki piztea eta indartzea da” egitarau honen helburua, euskal kultura suspertzen den era berean.

Gauzak horrela, Kilometro Lezok euskal musika, dantza eta antzerkia uztartzen ditu, “kalitatezko kultur programa anitza osatuz”, azpimarratu zuen aurkezpenean Ion Pombarrek, Kultur zinegotziak. Programaren baitan, halaber, Lezoko kultur taldeen emanaldiak ere txertatu dira, herriko kultur eragileen presentzia bistaratu, eta lana babestu eta indartzeko. “Kultur sektorearen-tzako garai gogor hauetan, Lezoko Udalaren helburua da Euskal Herriko eta noski, Lezoko arte eszenikoak dinamizatu, balioan jarri eta ikusaraztea, hau da, kulturak zein arte sormenak gure gizartean duten eginkizuna eta balioa aldarrikatzea”, gehitu du.

Abuztuaren 14tik hasita irailaren 5a arte, Kilometro Lezok guztira zortzi ekitaldi jasotzen ditu. Guztiak asteburuetan eskainiko dira, ostiral zein larunbatetan, ordutegi berantiarrean, gaueko 23.00etan, alegia. “Arrazoia sinplea da: eguneko plana norberak egiten du eta gauekoa Lezoko Udalak eskaintzen dizu”, adierazi zuen Pombarrek. Udal ordezkariek azaldu zuten ordutegi hori egoki ikusi dutela eguneko beste planekin uztartu ahal izateko, “nahi duenak eguna amaitzeko Lezon afaldu eta ekitaldiaz gozatzeko aukera izan dezan”, gehitu zuten.

Ekitaldi guztiak Herri Eskolako patioan eskainiko dira, aire librean. Doakoak izango dira, baina aforoa kontrolatzeko asmoz, sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira ohiko bideen bitartez: kultur bulegoan edota online, ahal den neurrian azken hori lehenetsiz.

Astean asteroko sarrerak banatuko dira, hau da, ezingo dira aldez aurretik programa guztirako sarrerak eskuratu.

Abuztuak 14. Haatik dantza konpainia Errimak bi oinetan ekitaldiarekin.

Abuztuak 15. Maria Berasarte Lurra eta Bidea lanarekin.

Abuztuak 21. Markeliñe an-tzerki taldea Crusoe antzezlanarekin. Obra mutua da.

Abuztuak 22. Tenpora taldea Itzulika lanarekin.

Abuztuak 28. Trapu Zaharra antzerki taldea Turistreatzen antzezlanarekin.

Abuztuak 29. Ghost Number & His Tipsy Gypsies taldea.

Irailak 4. Murixka dantza taldea.

Irailak 5. Musika Eskolako rock taldea.

Aforoa. Gehiengo aforoa 250 pertsonakoa izango da eta guztiak eserita egon beharko dute.

Desinfekzioa. Sarreran eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa egongo da.

Musukoa. Barrura sartzeko ezinbestekoa izango da musukoa erabiltzea, baita ekitaldiak irauten duen bitartean ere.