- Uztaila bukaerako Usurbilgo Osoko Bilkuran azkeneko tramite administratiboa pasatu zuen belaunaldien arteko Txirikorda proiektua gauzatzeko Udalaren eta Ugartondoko hirigintza batzarraren arteko hitzarmenak: jendaurreko epea pasata, behin betiko onartu zuten, EH Bilduren botoekin. EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren.

Akordio hori Udala proiektuaren sustatzailea izateko bideratu zuten, modu horretara, dirulaguntzak jasotzeko aukera sortu baitzen. "Bide interesgarri bat zabaldu zitzaigun, proiektu hori ia %100 finantzatzeko aukera delako", aditzera eman zuten Udalbatzarrean.

Apirilean azaldu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nola, enpresekin hitz egin, eta ez zuten inolako arazorik jarri: gauzak horrela, eraikin publiko horren kostua zenbatekoa zen adostu zuten enpresekin (1,42 milioi euro), eta diru hori jasota, Udalak bideratuko du proiektua.

"Malgutasunez jokatuko dugu, eta diru hori lau fasetan jasotzea adostu dugu: akordioa sinatzean %25, obrak esleitzean beste %25, lanak hastean beste %25, eta, azkenik, beste %25 lanak amaitzean", esan zuen alkateak.

Txirikorda proiektua lehengo legegintzaldian abiatu zen. Herriko gazte eta adinekoei zuzendutako bizigunea izango da: emantzipatu nahi duten gazteak eta konpainian beren neurriko apartamentua nahi duten edadekoak izango dira erabiltzaileak. Usurbilen, gaur egun, 65 urtetik gorako herritarrak %19 inguru dira. Menpekotasun arazorik ez duten adinekoentzat zuzenduta dago. Udalak proiektu horren zerbitzura jarriko du ekipamendua.

Etxebizitzaren diseinua zehazteko eta izango dituen zerbitzuak finka-tzeko, gazte eta adinekoen artean bost saio parte-hartzaile antolatu ziren.