- Igeldoko Herri Kooperatibak abiatu duen proiektuaren baitan, IKO denda zabaldu dute Igeldon. Herrigunerako sarreran kokatuta, nekazarien sindikatua zen baserri zaharra guztiz berritu eta bertako ekoizleen produktuak saltzeko egokitu dute, baita oinarrizko bestelako jaki eta gailuak ere, igeldotarrei orain arte ez zuten zerbitzua eskaintzeko. Harago ere joan nahi dute eta IKO topaleku bihurtu nahi dute, baita lehen sektorearekin lotutako proiektu eta egitasmo berrien sorleku ere.

“Denda lehen pausoa da, baina proiektua zabala da; Igeldoko landa eremua bizirik nahi dugu, gure gizartearen konpromisoa da hori”, azaldu zuen atzoko aurkezpenean Amaia Estanga Igeldoko Herri Kooperatibako juntakideak. 113 bazkide dira kooperatiban eta, ideia lehenagotik bazuten ere, bi urtetik gora eman dituzte denda sortzeko proiektuan lanean. Auzolanak eta bazkideen ekarpenek ahalbidetu dute baserriaren egokitzapena (dirulaguntzaren bat ere jaso dute).

Alde batetik, Igeldoko bizilagunen beharrei erantzungo die IKOk. Urteak dira herrian bertan dendarik ez dutela (saltoki txiki bat egon zen baina duela lau urte inguru itxi zuten) eta edozer erosteko Antiguara jaitsi behar zuten orain arte. Hala, oinarrizko elikagaiak eta bestelako produktuak (drogeriakoak, adibidez) dituzte salgai, baita baserritarrentzako hainbat tresna ere.

Bestalde, bertako ekoizleei haien produktuak saltzeko aukera eskaintzen diete: Aristondo, Arkai-tzaga eta Borda Alde baserrietako barazkiak, Igeldoko Esnea, Goenagaren esnekiak edo Calongeren salgardoa, besteak beste. Igeldoko Imanol harategiak ere salduko ditu bertan bere produktuak. Bertan sortzen ez direnak, Euskal Herriko beste ekoizleek hornitzen dituzte, tokian tokiko nekazaritza, zuzeneko erosketa eta produkzio ekologikoa sustatuz, batez ere. “Konfiantzazko kontsumoaren” eta jasangarritasunaren alde egingo dutela nabarmendu zuen Estangak.

Momentuz baserri zaharraren lehen pisuan antolatu dute denda, baina goiko solairua ere egokitu nahiko lukete proiektua zabaldu ahal izateko eta IKO topaleku eta sorleku bihurtzeko. Helburuak garbi dituzte: lehen sektorean aritzeko baldintza egokiak sustatu eta Igeldoko ondare historiko, natural eta soziala balioan jarri. Elkarlanerako espazioak sortu nahi dituzte, herritarrei zerbitzuak eskaini eta komunitatearen bizitzan aktiboki parte hartzeko aukera eman. Hau da, Igeldon bertan eragin nahi dute.

Momentuz, denda astelehenetik ostiralera (9.30etik 13.30era eta 17.00etatik 20.00etara) eta larunbat goizetan (9.30etik 13.30era) dago zabalik eta hiru langile kontratatu dituzte bertan aritzeko. Kooperatibako bazkideek dendan parte hartu dezakete eta bestelako abantailak ere badauzkate. Gainera, IKO lagunaren rola ere sortu nahi dute proiektuan lagundu nahi duten pertsonentzat.

Uztailaren 17an zabaldu zituen ateak dendak. Bi aste hauetan igeldotarren erantzuna “oso ona” izan da arduradunen esanetan, eta ari dira bertan erostera ohitzen. “Adineko pertsona batzuk emozionatu egin ziren sindikatu zaharra horrela berrituta ikustean”, kontatu zuen Estangak.

Nekazari sindikatuaren egoitza zen baserria eraberritu dute auzolanean 113 bazkideen lanari eta ekarpenei esker