"Sarriegi ametsetan agertzen zait batzuetan"

Jose Mari Oiartzabalek San Sebastian Eguneko melodia gehienen moldaketak egin ditu eta omenaldia jasoko du

16.01.2020 | 06:25
Goiak batuta berezia eman zion atzo Oiartzabali.

donostia - "Sarriegi agertzen zait batzuetan ametsetan eta ondo zoaz, esaten dit; baina oraindik hobetzekorik badagoela ere badio". Jose Mari Oiartzabal andoaindarrak omenaldia jaso zuen atzo eta jasoko du igande gauean banderaren Igoeran, Sarriegiren melodien moldaketetan egin duen lana aitortzeko. Eneko Goiaren eskutik batuta jaso zuen atzo eta batuta horrekin zuzenduko ditu Konstituzio plazako taula gainera igoko diren Errenteriako Bandako musikariak San Sebastian egunaren hasieran.

Donostiako Kontserbatorioko musika bandako zuzendari zela, 1987.ean, eskatu zion Udalak Sarriegiren melodiak moldatzeko, batez ere banderaren Igoerako ekitaldian musika bandak jotzeko. "Hori izan da nire lana, suertea izan nuen", esan zuen atzo Oiartzabalek. Orduan ofizialak ziren Sarriegiren sei abestiak moldatu zituen eta gero beste hiru ere bai (Oilar eta Atso Zalditeriak eta Herriko semeen erasoa). Azken urteotan (2013ko bigarren mendeurrenetik) Danborradako errepertoriora gehitu den hiriko zortziko zaharraren moldaketak ere (Santesteban maisuarenak) bereak dira. Bestelako jaietarako sortutako doinuak ere moldatu ditu. - A.Z.