aia - Eneko Sanz donostiarra historialaria da izatez baina betidanik gustatu izan zaizkio umeen aisialdiarekin zerikusia duten gauzak. Horrela, Aiako hainbat proiektu historiko egin ditu eta bertako gaztelekuko gazte teknikaria ere bada duela bederatzi urte.

Nolatan iritsi zinen Aiara?

-Hasiera batean Zarauzko enpresa batek pertsona bat behar zuen aisialdi taldean lan egiteko. Niri berdin zitzaidan Zarautz, Donostia, Orio... Elkarrizketa egin zidaten eta handik gutxira deitu eta aldaketa batzuk egon zirela esan zidaten. Horrela, Zarautzen izan ordez Aian izango zela esan zidaten eta jada bederatzi urte darama-tzat lan honetan.

Aiako historiaren inguruko liburu bat ere idatzi zenuen...

-Bai, 2015. urtean argitaratu zen baina nik bi urte eman nituen hori idazten. Aiak Gerra Zibilean berezitasun bat izan zuen. Bertako alkatea, Gabino Alustiza, fusilatua izan zen eta Gipuzkoan horrelako bi kasu bakarrik eman ziren. Omenaldi bat egin zitzaion bere garaian eta erabaki zuten, bai herriko autoritateek eta baita Aranzadik ere, hori ezin zitekeela omenaldi batean utzi eta harago joan behar zela. Orduan proiektu bat egin aurkeztu eta hauxe izan zen emaitza.

Zer kontatzen du liburuak?

-Gabino Alustiza Aiako alkatea zen Errepublika garaitik eta 1931tik bere gorabeherak izan zituen. 1934ean eskubia Espainiako Gobernura iritsi zenean Autonomia Estatutuen aurkako idatzi bat egon zen. Garai horretan atera zuten lege bat esanez udaletxetan egon zitekeen ikur bakarra Espainiako bandera zela eta Alustizak ezezkoa eman zuen eta horren ordez ikurriña jarri zuen. 1936. urteko uztailean gerrak eztanda egin, irailean tropak Aiara iritsi eta egin zuten lehenengo gauza Alustiza hartu eta gar-tzelaratzea izan zen. Ondarretako gartzelan hainbat aste pasa ondoren Hernanira eraman zuten eta bertan fusilatu zuten.

Aiako gaztelekuko gazte teknikaria ere bazara. Gazteek ba al dute interesik historiarekiko?

-Nire ustez, irakasgai baten moduan ikusten dute. 12 eta 19 urte bitarteko adina zaila da. Oraindik nortasuna eraikitzen ari dira. Eran-tzun baino galdera gehiago dituzte. Ez dute uste gaur egungo gizartea iraganean gertatutako gauzen ondorio dela. Denborarekin konturatuko dira.

Duela hilabete gutxi martxan jarri duzue Aiako historia jolasaren bitartez ikasteko joku bat...

-Bai, hala da. Herriaren historia ezagutzeko proiektu edo jolas moduko bat jarri dugu martxan Aiako kaskoan. Oka handi bat bezalalakoa da baina ardi jokoa deitzen diogu guk. Aiako historiarekin dago lotuta. Adibidez, betiko Okan zubitik zubira esaten da. Hemen, berriz, errotatik errotara. Zergatik? Aiako herria beti oso lotuta egon delako errotekin.

Pentsatu al duzu beste proiekturen bat haur eta gazteen artean historiarekiko zaletasuna edo interesa bultzatzeko?

-Bai, orain beste proiektu txiki batekin ari gara lanean: Zumaiako Udalarekin eta Zarauzko Udalarekin batera oroimen historikoa bultzatzeko klaseak ematen ditugu Batxilergoan eta DBHko laugarrengo mailan. Eskuliburu baten antzekoa daukagu eta bost klaseetan zehar saiatzen gara definitzen zer den errepublika, bertako gizartea nolakoa zen, herri hauetako bakoitzean zer gertatu zen gerra garaian...