Zarautz. Zarautz Kirol Elkarteak xakearen inguruko grina pizteko saio irekiak eskaintzen hasi zen iaz. Ekimenak izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere izango da horretarako aukera eta Ander Zulaika (Zarautz, 1989) Bingen Urbietak (Zarautz, 1991) gidatuko dituzte saioak.

Zergatik antolatu dituzue xakeko saio irekiak?

Ander Zulaika: Iaz hasi ginen antola-tzen. Azken urteetan jendeak xakea utzi du eta nahiz eta eskoletan klaseak eman, ez dugu lortu haurrak klubera ekartzea. Horri irtenbidea emateko asmoarekin hasi ginen hastean bi egunetan kluba irekitzen, edozein animatu zedin. Gurasoren bat ere gerturatu zen iaz eta taldetxoa elkartzea lortu genuen. Arrakasta ikusita, errepikatzea erabaki dugu.

Bingen Urbieta: Gu izango gara bertan nahi dutenen zalantzak argitzeko. Azken finean, haurrak ginenean ere antzeko zerbait egiten zen eta beteranoek erakusten ziguten. Horrela ikasi genuen xakean eta uste genuen gaur egun ere haurrek aukera hori izan behar zutela. Astearte eta ostegunetan, 18.00etatik 20.00etara elkartuko gara klubean, gaurtik hasita. Askatasun osoa dago bakoitzak nahi duenean etorri eta joateko.

Zergatik aukeratu zenuten xakea?

B.U.: Gure kasuan, biok jokatu izan dugu beste kirol batzuetan. Ni areto futbolean eta saskibaloian aritu naiz eta Ander ere saskibaloian. Gustuko genuen eta beste kirol batekin uztar-tzeko aukera eskaintzen zigun.

A.Z.: Nire kasuan, amak behartu zidan xakean jokatzen hastera (barreak). Orokietan apuntatu nin-tzen eskoletara. Gainera, maisu on bat tokatu zitzaidan. Bederatzi urterekin hasi nintzen eta gero klubera pasa nintzen. Amari eskerrak ematen dizkiot!

Zaila dela esatea, mitoa al da?

A.Z.: Guztiz. Kristoren mitoa da. Xakea desmitifikatu egin behar da. Beste joko bat bezala da. Mailak daude, noski, baina arau batzuk ikastea da gakoa. Behin arauak ikasita, engantxatzea oso erraza da.

B.U.: Hasiera batean arau batzuk ikasi eta arau horiei etekina atera-tzea da egin behar dena. Eragina du ere ze jenderekin elkartzen zaren. Gure kasuan, adin antzekoak geneuzkan jokalarien taldea osatu genuen eta beste herrietako txapelketetara joaten hasi ginen. Han lagun gehiago egin genituen eta maila aldetik hobetzen hasi ginen. Motibazioa genuen. Adin antzekoak dituzten jokalariak apuntatuko balira, gozatzen hasiko lirateke.

Zer behar da jokalari ona izateko?

B.U.: Azkartasun handia behar da xakean, baina horrek ez du esan nahi argia izatearekin nahikoa denik. Lan asko egin behar da eta teoria pila bat dago ikasteko. Ikasleei liburu asko daudela esatean harrituta geratzen dira. Pazientzia lantzen laguntzen du kirol honek. Lau orduko partida bat jokatzen ari-tzeko... pentsa!

A.Z.: Joko konplexua da. Kontzentra-tzeko gaitasuna da nik nabarmenduko nukeena. Erabakiak har-tzeko gaitasuna ere bai. Bada liburu bat munduko txapelketako irabazle izan zen Gari Kaspárov-ek argitaratu zuena: Cómo la vida imita al ajedrez. Bertan azaltzen den moduan, bizitzan aplikatzea dauden abilidadeak lortzen dituzu xakean.

Zein ekitaldi antolatzen dituzue urtean?

B.U.: Liga urtarrilean hasi eta apirilean amaitzen da eta urtean hiru torneo egiten ditugu. Angel Suarezen soziala jokatzen dugu liga amaitzean eta ekaina bukaeran, berriz, bazkari batekin amaitzen dena: Teofilo Gil. Bestalde, Euskadiko beteranoena ere jolasten da Zarautzen eta Pepe Iglesiasen izena hartu zuen hau hil ostean. Egun 25 bat federatu gara.

A.Z.: Gaztetxoei zuzendutako txapelketa egingo dugu aurten eta azaroaren 5era arte dago izena emateko aukera. Azaroaren 8an hasi eta abenduak 20 arteko larunbatetan jokatuko da, 16.00etan. Bi maila zehaztu dira, bata LH1 eta 4 bitartekoentzat eta bigarrena, LH5 eta DBH2 artekoentzat. Haurren artean xakerako grina piztu nahi dugu.