Tolosako inauterietan bada funtsezkoa den elementu bat, eta ez da mozorroa: txarangak. Egia da herriko festa gehienetan ikus ditzakegula, baina tolosarrentzat itzal handiko gauza dira, festa bizitzeko ezinbestekoak. Izan ere, bandaren doinuek kaleak girotzen dituzte, musika eta alaitasuna bazter guztietan zehar zabalduz eta jendea saltoka jarriz.
Urtero bezala, biharkoan ere, Inauteriei ongietorria emateko ardura izango du Pintxana txarangak: “Ostegun Gizen eguna oso berezia da tolosarrontzat, urte osoa horren zain pasatzen dugulako. Horretan pentsatu eta oilo ipurdia jartzen zait”, aitortu du Ivan Arostegi (Tolosa, 1994) Pintxana txarangako koordinatzaileak.
Musikari profesionala da Ivan; klarinetea jotzen du Pintxana, Polvo y Paja eta Pamplonesa txarangetan, eta Bilboko udal musika bandako kide da. Gainera, Tolosako Musika Eskolan irakasle lanak egiten ditu. Familiatik datorkio musikarekiko zaletasuna, izan ere, aita Polvo y Paja txarangako zuzendaria da, 2028. urtean 100 urte beteko dituen banda.
“Ostegun Gizen eguna oso berezia da tolosarrontzat, urte osoa horren zain pasatzen dugulako. Horretan pentsatu eta oilo ipurdia jartzen zait”
Bertan izan zuen Ivanek, hain zuzen ere, bere lehen esperientzia musikari gisa: “Zortzi urte nituela atera nintzen lehen aldiz txarangan. Musika eskolan hasi berria nintzen eta abesti gutxi batzuk besterik ez nekizkien. Aitak partiturak moldatu behar izan zizkidan jo ahal izateko”, gogoratu du. Aita ez ezik, anaia, osaba-izebak eta lehengusuak ere musikariak dira. “Eskuartean instrumentu bat izatea ohiko gauza da gure familian”, irrifartsu gaineratu du.
Musikarien familiatik dator Ivan. Aita Polvo y Paja txarangako zuzendaria da, 2028.urtean 100 urte beteko dituen banda
Aspaldiko oroitzapenak
Inauteriei lotutako lehen oroitzapenen inguruan galdetuta, irudi bat etortzen zaio burura: “Anaia eta biok txikiak ginenean gurasoek konpartsa moduko bat antolatzen zuten osaba-izebekin batera, eta karroza txiki batean sartzen gintuzten lehengusuekin. Zarata egitea zen kontua, jakin ala ez jakin denok jotzen genuen instrumenturen bat; amak, adibidez, txindatak. Oso politak dira garai horietako oroitzapenak. Goiz pasa egin ondoren, elkartera joaten ginen bazkaltzera eta bazkalostean aita eta osabaren emanaldia entzutea tradizioa zen”.
Festaren bilakaerari buruz, txarangara gerturatzen den jende kopurua gero eta handiagoa dela uste du Ivanek. “Pandemiaz geroztik, ez dakit zergatik baina gero eta jende gehiago ikusten dugu gure inguruan, bai aurrean bai atzean... jairako gogoa piztu izan balitz bezala. Gaueko dantzaldiek, ordea, beherakada izan dute eta horrexegatik aurten Zerkausin egitea erabaki dute, ea jende gehiago animatzen den”, azaltzen du.
Mozorroa, bai ala ez?
Mozorroari dagokionez, tolosarrek berezko kode bat daukate; hortaz, bihartik asteartera bitartean Tolosara joateko asmoa dutenek egun bakoitzean tokatzen dena kontuan izan beharko dute, barregarri gelditu nahi ez badute. Izan ere, Ostegun Gizenean txilaba janzten dute, ostiral eta larunbatean ez dute mozorrorik eramaten, eta Zaldunita egunean (igandean) pijamarekin ateratzen dira kalera.
Asteartita egunean mozorrotu ohi da Ivan, txarangako emanaldiak bukatu dituenean, baina aurtengoan inprobisatu beharko duela dio. “Lana dela eta, aurten ez dugu kuadrillan prestatzeko denbora askorik izan. Txikia nintzenean, nire amak mozorro itsurosoak prestatzen zituen denontzako, jostuna baitzen”.
Euskal Herriko inauteririk garrantzitsuenetakoa hastear dagoela, ordea, ez du amaierako egunean pentsatu nahi. Izan ere, hasiera ofiziala bihar bada ere, askok gaur gauean ekingo diote ospakizunari, tartean, Ivan. “Urtero bezala, txupinazo alternatibora joango gara gaueko hamabietan. Emozionatuta nago, niretzat orain hasiko da 2024. urtea. Inauteriak erabat terapeutikoak dira; gaitz guztiak joaten zaizkizu”, esan du.