Síguenos en redes sociales:

Astigarraga: Lurraldiaren bigarren edizioa ospatuko da aurten

Astigarraga: Lurraldiaren bigarren edizioa ospatuko da aurten

Astigarraga – Lurraldia egitasmoa sortu zuen iaz Astigarragako Udalak, Goldea eta Baratze tokiko elkarteekin batera. Baserritarren Mahaia batzordean sortu diren ekimenei jarraipena emateko asmoz eta ekitaldiek izandako harrera ona ikusita, aurten Lurraldiaren bigarren edizioa burutuko da.

Jardunaldi hauen helburua herriko lurra babestea eta baserria biziberritzea eta goraipatzea dira. Jarduerak bihar hasi eta San Isidro egunera arte luzatuko dira.

Honenbestez, bihar baserrietako irudiak herriko kaleetako faroletan ikusgai jarriko dira.

Maiatzaren 11n, 16.00etan, udaletxean baserritarrentzako dirulaguntzen inguruko hitzaldia eskainiko da eta ondoren ilar pintxo-potea burutuko da.

Maiatzaren 12an, 19.00etan, Sara Azurzak musika emanaldia eskainiko du, Latxaga eta Olabide baserrien artean.

Hurrengo egunean, iaz bezala, familientzako baserrietara bisitak antolatu dira. Aurten Lagatxaga, Oiarbide eta Ioltza ikusteko aukera egongo da. Parte-hartzaileak 17.00etan elkartuko dira Foru plazan. Beharrezkoa izango da aurretik Udalaren webgunean izena ematea.

Egunarekin amaitzeko, gaueko 23.00etan, Iparraldeko Willis Drummond eta Xiberoots rock eta reggae taldeen kontzertuak izango dira Erriberan.

Maiatzaren 14an, Ilarraren Eguna ospatuko da ilar azoka batekin, 10.00etatik 14.00etatik. Gainera, herriko ganadu erakusketa egongo da. Bederatzi baserrietako 25 buru ikusteko aukera egongo da (Larrabide, Plazetxe, Iriarte, Etxeluze, Elio, Bustieta, Gartziategi, Manuel Oiarbide eta Guardi). Bestalde, giza proba saioak egongo dira, Emarri taldearen eskutik.

Jardunaldiak amaitzeko, maiatzaren 15ean San Isidro eguna ospatuko da. Prozesioa, meza, idi-demak, bertsolariak eta trikitilariak ez dira faltako. Aurten Larrabide baserria omenduko da eta bere produktuen erakusketa egongo da.◦

Zamalbide-Bentak auzoan ere San Isidro jaiak ospatuko dira bertako auzotarrek antolatua.