Pandemia aurretik, pandemia garaian eta orain, Mutrikuko Udalaren lehentasuna beti izan da bera: herri osoaren ongizatea bermatzea. Oso argi izan dugu herritar guztien beharrei eran-tzutea dela gure lehentasuna, nahiz eta zaila edo ezinezkoa izan guztia guztien gustura egitea. Baina edozein erabaki, ekintza edo lanketa egin aurretik, herritarrak erdigunean jartzen saiatzen gara, eragile ezberdinekin elkarlanean, galdetegiak eginez eta herriari entzuten. Herriarekin hartu-eman hori ezinbestekoa izan da iraganean, ezinbestekoa da gaur egun eta etorkizunean ere halaxe izango da Mutrikuko Udalarentzat, herritarrentzat eta Mutrikuren alde ari baikara lanean.

Guztien beharrei erantzun ahal izatea posible da?

Herri bat gara, baina 5.300 pertsona ezberdin. Bakoitzak bere pentsatzeko modua du, bere ikuspegia eta beharrak ere oso ezberdinak dira, noski. Norberak bere beharrak ikusten ditu, eta hala behar du izan. Mutrikuko Udaletik guztiei erantzun bat eskaintzen saiatu behar gara. Esaterako, gure herriak irisgarritasun arazo handiak ditu eta gu asko arduratzen gaituen gaia da hori. Gure herria ez da batere herri erraza adineko pertsona nahiz nolabaiteko zailtasunen bat duten herritarrentzat. Eta horrelako arazoaren aurrean asko dago egiteko herrian. Horregatik irisgarritasun plana osatu genuen arazo hauek paira-tzen dituzten herritarrekin batera eta apurka-apurka bagoaz egokitzapenak egiten herrian. Espaloien egokitzapenak, oztopo arkitektonikoak ezabatzen eta etorkizun laburrean igogailuak ere aurreikusten ditugu Iriagirre auzoan eta Jose Maria Altzibarren. Nahiz eta asko egiteko dagoen oraindik, pausuak ematen jardun dugu azken urteetan eta horretan jarraituko dugu, herri irisgarria izan dadin herritar nahiz kanpotik bisitan datozenentzat ere.

Nola aurreikusten du Mutrikuko Udalak aurtengo udara eta turismoa herrian?

Azken urteetan Mutrikun bisitari kopuruak izan duen igoera oso handia izan da. Urte gutxitan bisitari gutxi jasotzen zuen herri izatetik bisitarien igoera nabarmena izatera igaro da. Gauza guztiek bezala, honek bere onurak, bere galerak eta erabakiak hartu behar izatea ekarri du. Egia da azken bi urteetako udarak ez direla ohikoak izan, pandemia egoerak oporraldietan ere eragina izan baitzuen, baina Mutriku gustuko herri bihurtu dela nabarmena da. Honek herriko ostalaritzari, ostatuei, kanpinei eta komertzioei onura ekarri die eta hori garrantzitsua da herriaren garapenarentzat, baina, bestalde, aparkaleku arazoak ere sortu ditu, eta TAO sistema ezartzeko beharra ere ekarri du eta hau askoren pozerako izan bada ere, beste batzuk haserretu ditu. Hala ere, aurten uda normaltasun egoeran izango dugu, mugikortasun arazorik gabe, eta herriko turismoaren egoeraren erradiografia fidagarriago bat egiteko aukera emango digu.

Normaltasunera itzultzen ari den garai honetan, jaiak ere itzuliko dira?

Bi urte goaz Malen jaiak eta Kalbaixoak ospa-tzeko aukerarik gabe, eta herritarrak gogotsu nabarmentzen ditugu. Urtean zehar Gaba Beltza, Inauteriak eta Berdel Eguna ia normaltasunean egin ahal izan ditugu, baina Malen jaiak eta Kalbaixoak dira herriko jai garrantzitsuenak. Aurten, gainera, Mandazketa Elkarteak, bi urte beranduago, bere 50. urteurrena ospatuko du ohiko danborradan. Momentu hunkigarria izango da berriz ere Txurruka Plaza herritarrez beteta ikusten dugunean; alde batetik, jaiek ekartzen duten emozio puntu horregatik, baina batez ere sufritzea tokatu zaigun horri guztiz agur esateko argazkia izango baita. Ume, gazte, heldu eta adinekoak, guztiak batera, Mutriku Herria danbor hotsekin entzutean, ziur nago bat baino gehiago izango garela hunkituko garenak. Batzuk, iraganeko normaltasuna ekarriko dugulako gogora, eta ume nahiz gazte askok lehenengo aldiz biziko dutelako jaia normaltasunean. n