Webgune berria estreinatu du Barandiaran Fundazioak. Helburua, Jose Miguel de Barandiaranen izena eta lana zabaltzen jarraitzea da. Gainera, orrialde berrituak gaur egun Fundazioak egiten dituenak jendarteratzeko erremintak dakartza berarekin; besteak beste, Barandiaranen Artxiboa kontsulta daiteke zuzenean.

Alde batetik, orain arteko informazioa atal ezberdinetan berrantolatu da; bestalde, zenbait berritasun txertatu dira. Artxiboa deituriko atala da aldaketa garrantzitsuenetakoa, non Fundazioak digitalizatutako Barandiaranen artxiboaren katalogazioa online kontsulta daitekeen. Guztira 4.690 elementu jasotzen dira, eta bilaketa gaiaren, motaren zein urtearen arabera egin daiteke.

Argitalpenen txokoa ere itxuraldatu da web berrian. Bildumaka sailkatuta, ikusgai daude orain arteko argitalpenak. Liburuen eskariak ere webetik kudeatu daitezke. Eusko Folklore urtekariaren kasuan, artikulu guztiak irakurgai daude, deskarga modura. Halaber, 1921ean Barandiaranek berak sorturiko aldizkariaren orain arteko 55. zenbakien edukia eskuratu daiteke bertan.

Web orri berrian aurkitu daitezkeen gainerako atalak ondorengoak dira: Fundazioa (Historia, Helburuak, Estatutuak, Patronatua, Prentsa, Fundatzaileak, Gardentasuna), Jose M. Barandiaran (Biografia, Bibliografia; Baliabide Pedagogikoak; Bideoteka; Artikulu eta elkarrizketak); Bekak; Berriak eta Harremanak.