- Maiatzeko udalbatzarrean aurkeztu zen Emakume eta gizonen berdintasunerako II. plana aurkeztu zuten pasa den asteazken honetan Orion eta agerraldia egin zuten Anuska Esnalek, Orioko alkatea, eta Aizpea Esnaolak eta Eider Goiburuk, Ahalduntze Eskolako arduradunak.

Txostenak 2022-2025 aldirako estrategiak eta proposamenak batzen ditu eta emakume zein gizonen arteko berdintasuna du helburu. 2019. urtean Pertzetik talde feministak egoeraren diagnosia egin zuen eta hortik aurrera Udalak bide bat abiatu du berdintasun politikak diseinatu eta diagnosiak erakutsi zuen egoerari erantzuteko.

Esnalek adierazi zuenez, aurrez ere eginak ziren diagnosiak eta planak, baina ez ziren nahikoa izan konpromiso ekintzara igarotzeko, horregatik, Emakundek emandako dirulaguntzak baliatuta eta Ahalduntze Eskola indartzen jarraitzeko konpromisoari eutsiz, “datozen lau urteetan lortu nahi ditugun emaitza estrategikoetan zentratutako proposamena aurkeztu dugu, etorkizuneko Etxe Morea jomugan dugula”.

Orioko emakume eta gizonen arteko berdintasunerako II. diagnosia aurreko urteko azaroan aurkeztu zuten, Kalakaren aholkularitza teknikoaren eskutik eta oinarri moduan erabili zuten 2022ko urtarriletik martxora arte garatu duten plana egiteko. Gero, talde sustatzailea osatu zuten hamahiru lagunekin.

Diagnostikoak erakutsitako ahulgune eta arrakalen azterketa egin zuten eta arlokako helburuen eta neurrien zirriborroa landu zuten lan-esparru bakoitzari lotuta. Emakunderen ekarpenak jaso ostean, zirriborroa kontrastatu eta sistematizatu zuten udalbatzarrak onartu baino lehenago.

Ahulguneei aurre egiteko lau helburu nagusi zehaztu dituzte: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomia eta gizarte-antolakuntzaren eraldaketa eta emakumeen arukako indarkeriarik gabeko bizitza. Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa lantzeko eta indarkeria matxistaren inguruko prestakuntza eskain-tzeko helburua dute datozen lau urteetarako. Helburuak aurrera eramateko zazpi talde sortuko dituzte. Plan hau Udalaren webgunera igoko dute. l