Enara, sorbeltz eta enara azpizurien habiak erroldatzeko eta zenbatzeko helburuarekin, bolondres bila dabiltza Errenteriako Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteko ornitologia taldeak. Ekimen honi buruzko xehetasunak emateko bihar, 18.00etan, Errenteriako Xenpelar aretoan hitzaldi bat antolatu dute.

Olatz Aizpurua Aranzadi zientzia elkarteko ornitologoak adierazi duenez, hiru hegazti espezie horien habiak funtsezkoak dira beren populazioak bizirik irauteko eta, beraz, suntsipena hilgarria da haientzat. Herriko etxeetako eraikin eta fatxadetan habia egiten duten hegaztiak dira. "Denok lotzen dugu udako soinua txori horien kantuarekin, gure natura-ondarearen zati baitira", gehitu du Aizpuruak.

Proiektuan parte hartzen duten boluntarioek gaiari buruzko prestakuntza jasoko dute hainbat udalerritan, hitzaldi eta tailerren bidez. Honela, hiru hegazti espezie horien errolda egiteko, habiak zenbatu eta erregistratuko dira, eta parte-har-tzaileek erraz bereizi ahal izango dituzte. Habien datuak Ornitho Euskadi herritarren zientziaren atarian barneratuko dira (www.ornitho.eus).

Ondoren, datuak Enarak bisore digitalean bilduko dira eta, horrela, adituek, administrazioak eta herritarrek udalerri bakoitzeko datuak ikusi ahal izango dituzte, boluntario guztien lankidetzari esker. Hiri-biodibertsitatearen garrantziaz eta espezie intsektujale horien kontserbazioaz herritarrak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea ere helburu du proiektu honek.