Síguenos en redes sociales:

Binakako pentatloia hirugarren aldiz irabazten saiatuko da Izeta VI.a

Binakako pentatloia hirugarren aldiz irabazten saiatuko da Izeta VI.a

Binakako Euskal Pentatlon Txapelketa egongo da Tolosako zezen plazan 12.00etan igande honetan. Parte hartuko duten lau bikoteen artean Andoni Iruretagoiena - Izeta VI.a- nabarmendu behar da, bere hirugarren garaipenaren bila lehiatuko baita. 2020an Arria V.arekin batera nagusitu zen, eta iaz bere osaba Jexux Mari Iruretagoienarekin, aurtengoan berriz, Gorka Etxeberria oriotarrarekin batera ahaleginduko da txapela janzten.

Gainerako bikoteak honako hauek izango dira: Aratz Mugerza eta Julen Kañamares, Beñat Amade eta Aritz Irazabal, eta Jagoba Otaegi eta Xabier Zaldua, azken horrek Iñaki Errazkin lesionatuaren lekua hartuko duelarik. Proba gogor honen banakako bertsioaren lehen kanporaketan sailkapena lortzetik etorriko da Zumarragako aizkolaria.

Amade eta Irazabal elkarrekin lehiatu ziren iaz ere, eta bosgarren izan ziren. Etxeberriak Kepa Peñagarikanorekin parte hartu zuen, eta Aratz Mugerzak Iñaki Errazkinekin. Iaz sei izan baziren ere, aurtengo edizioan lau bikote baino ez dira plazaratuko.

Sarrerak 20 eurotan jarri dituzte eta Tolosako Kantabriko jatetxean erosi ahal izango dira aldez aurretik. Parte-hartzaileek egin beharreko bost lanak honako hauek izango dira: harri-jasotzea, harri-arrastatzea, enborrak ebakitzea, txinga-erutea eta oinezko lasterketa.

Binakako euskal pentatlon txapelketaren emakumezkoen arteko dema hurrengo asteko igandean jokatuko da leku berean. Iaz txapeldun izandako Lucia Orbe eta Garazi Arruti bertan izango dira aurten ere txapelari eusteko asmoz, eta iaz bikote osatu zuten Karmele Gisasolak eta Uxue Ansorregik ere parte hartuko dute. Bi bikote horiez gain, Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz ere plazan izango dira lehiarako prest.

Banakako lehiaketan, Euskal pentatlon txapelketako bigarren kanporaketa irailean jokatuko da, eta finala berriz, irailaren 24an bertan izango da Azpeitiko zezen plazan.