nork baino hobeto ezagutzen ditu Oñatiko hirigintzaren bilakaeraren nondik norakoak. Izan ere, 31 urtez lan egin zuen udaletxean arkiteko tekniko moduan, eta harrezkero, orain argia ikusi duen lana izan du buruan. Xabier Zelaia Arzak XVIII eta XIX. mendeetako akta-liburuak aztertu eta datu-base birtual bat osatu du, garai hartan Udalak hartutako erabakiak espedienteetan sailkatuz. Eta ez hori bakarrik, aste honetan aurkeztu den Oñati XIX. mendean. Hirigintza eta Etxegintza liburua ere kaleratu du.
"1977an administrazioan hasi nintzen lanean; Oiartzunen aurrena, Debagoieneko Mankomunitatean gero, eta 1980ko abendutik 2011n erretiroa hartu arte, Oñatiko udaletxean. Nire lehenengo lana beti hirigintza, obra eta jardueren artxiboa ondo antolatzea izan da, hor ikusten baita herriak izaten dituen garapena eta aldaketak", azaldu du hiru hamarkadatan udal aparejadore izan denak.
Baserriak, burdinolak, pospolo fabrikak, eskolak... Urte haietako herrian egon ziren jarduerak eta horiek egondako eraikinak bildu ditu Zelaiak. "Kode bat du bakoitzak bilaketa errazteko", zehaztu du. Lan hau aurrera eramateko, akta liburuetan ageri diren 13.000 erabakitik gora aztertu ditu. Horietako, 1.400 zehatz-mehatz landu ditu, bertan jasotako informazioarekin planoak osatzen joateko.
Lan bikaina da herrigunearen garapenaren gainean -XIX. mendera arte ez zen hirigintza ordenantzarik izan- Zelaiak egin duena. Obrarik nabarmenena Herriko plazaren birmoldaketa izan zen, 1848an eta 1871n. Baina beste pasarte historiko eta anekdota asko jaso ditu oñatiarrak: 1886an Aita Madina kalean egindako aldaketak; 1807. urtearen inguruan parrokian lurperatuta zeuden gorpuak handik atera behar zirela erabaki ondoren, Casablancan eraiki zen lehen hilerriaren datuak (1866ra arte egon zen martxan)...
Artxiboa ere sortu du Zelaiak. "1940 arte dokumentazio orokorra dago, baina sakabanatuta. Espediente fisikorik ez zegoenez, modu birtualean antolatzen hasi nintzen, akta-liburuak erabilita", adierazi du egileak. Datu-base hau Udalaren esku utzi du. Hark argitaratu du ohiko tokietan salgai izango den liburua (20 euro). l