- Maizorri txalaparta elkartea arduratuko da aurten suziria jaurtitzeaz, izan ere 20 urte bete ditu taldeak. Maider Lainez alkateak eta Txitxu Ruiz zinegotziak San Joan jaien aurkezpenean adierazi zutenez, "programa erakargarria, anitza eta plurala sortu dugu, andoaindar bakoitzak bere gustuko jarduerak aurki ditzan",

Jaietako kartela ere atzo aurkeztu zuten. Cesar Nuñezen Salta otra vez lana izan da irabazlea, bigarren saria eskuratu du Ruben Lucasek, eta Maider Arabaolazak publikoaren saria. 12 eta 16 urte bitarteko artisten kategorian, Intza Elordirena da kartel saritua eta bigarren izendapena Nille Becerrarentzat izan da. Kartel guztiak Goikoplazako frontoian jarriko dira ikusgai, jai egunetan herritarrek ikusteko.

Aurtengo jaietan ere musikak protagonismo berezia izango du. Nafarroa Plazako agertoki handian honako emanaldiak izango dira: Zetak taldea eta diskofesta Oihan Vegarekin (hilak 23), Doctor Deseo eta Dukkha herriko taldea (24), urban erritmoak Foyone eta Sofia Gabannaren eskutik (25) eta Mikel Morenoren itzulera eta Tremenda Jauria (26). Goikoplazan, aldiz, izango dira Egan (23), Gozategi (24), Puro Relajo (25) eta Remember Queen (25) taldeak.

Aurtengo berrikuntzen artean izango dira artisauen azoka, erraldoien topaketa eta su artifizialak. Era berean, ekainaren 23an hamar andoaindarrek udaletxeko balkoitik San Joan sua ikusteko aukera izango dute. Interesa dutenek basteroataria@andoain.eus helbidera idatzi beharko dute ekainaren 10a baino lehen eta ondoren egingo da zozketa. Andoaingo Udalak jaiak askatasunez bizitzeko aldarria egin du eta "inolako erasorik" onartuko ez dela gogoratu dute .