Uggasak, Urola Garaiko garapen agentziak, hiru erronka ditu datozen bi urteetarako: eraldaketa digitalaren eta talentuaren kudeaketa industrian, ekintzailetza kooperatiboari bultzada eta kultura energetiko berri baten sustapena.Eraldaketa digitala eta talentua

Maiatzaren 19an, Uggasak antolatuta, Urola Garaiko foro industrialaren topaketa egin zen Antioko interpretazio zentroan. Bertan, 75 pertsona baino gehiago elkartu ziren (enpresetako ordezkariak eta eragileak), Ziurgabetasun garaiak kudeatzen lelopean. Merkatuaren egungo egoeraren analisia egin zuten eta bere irakurketa estrategikoa errazteko gako batzuk partekatuko zituzten, Gipuzkoako Foru Aldundia, SPRI, EVE eta Gizatearekin. Horretaz gain, eskualdeko enpresen hainbat esperientzia partekatu ziren eraldaketa digitalaren, talentuaren eta enplegu inklusiboaren arloetan.

Krisiak ziurtzat jotzen ziren hainbat gauza zalantzan jarri ditu. Hori dela eta, enpresen eta erakundeen arteko elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa da. "Azken bizpahiru urteetan bizitzen ari garen krisi sistemiko honek, orain arte enpresa kudeaketa arloan ontzat ematen genituen hainbat aldagai hankaz gora jarri ditu. Egoera honen aurrean, hausnarketarako eta esperientzia ezberdinak partekatzeko espazio baten beharra ikusi dugu. Ezagutza elkartrukatzeko eta batez ere ezagutza sortzeko gune bat behar dugu, epe mo-tzeko lehentasunei aurre egiteko ezagutza, baina baita epe luzeko erronkei erantzuteko balioko duena", aipatu du Itziar Salaberria Uggasako zuzendari kudeatzaileak.

Iaz, Urola Garaiak Lehiakortasun Estrategiaren berrikuspena egin zuen eta bertan Industria Foroaren garrantzia berretsi zen. "Helburua industria sektorearentzako espazio kolaboratibo eraginkorrak indartzea da. Bertako industria balioan jarri nahi da eta lankidetzarako espazioak bultzatu nahi dira. Azken finean, enpresen lehiakortasunean eragin positiboa izango duten proiektuei bidea eman nahi zaie".

Uggasatik, ziurgabetasun egoera horretan argi pixka bat jarri nahian, eskualdeko enpresen lehiakortasunean eragiteko bi ekimen nagusi landu dira azken hilabeteotan. Batetik, enpresen eraldaketa digitalean aurrerapausoak emateko proiektuak abiatu dira eta beste alde batetik pertsonen lidergoa eta talentua lantzeko proiektuak. "Izan ere, ezin baita ulertu lehiakortasuna teknologiak eta pertsonak uztartu gabe. Enpresen lehiakortasunari buruz hitz egiterakoan, gaur egun ez dugu ezbaian jartzen, digitalizazioa dela gako nagusienetariko bat. Askok diote, gakoa baino gehiago, enpresen aurrebaldintza bat dela dagoeneko. Hori dela eta, izaera ezberdineko eta beharrizan ezberdinak dituzten 23 enpresa murgildu dira digitalizazio eta talentuaren kudeaketarako proiektuetan, beraien errealitatea ezagutu eta lehiakortasuna hobetzeari begira urrats sendoak ematen jarraitzeko".

Urola Garaiko enpresen foroaren topaketaren amaieran, Gizlan sariak banatu zituzten. Bazterketa arriskuan zeuden pertsonei lana eman dieten hamalau enpresa saritu zituzten: BST Rods, Egumendi, Katea Legaia, Leihoetxe, Mecanizados Eraiki, Rile, Eitza, Loidi, Mendizabal, Zorrotz, Alkorta y Mendizabal, Alkor, Estrulaser eta Met-Meka.

Enplegua gizarteratzearen oinarri bat da eta denok daukagu eskubidea enplegu bat izateko. Baina guztiontzat ez da erraza enplegua lortzea eta merkatuan txertatzea. Batzuk zailtasun bereziak dituzte: 55 urtetik gorakoek, kualifikazio maila baxukoek, langabezian denbora luzea daramatenek, genero indarkeriaren biktimek... Hala, eskualdean lan egiten duten eragileek Gizlan sarea sortu zuten. Gizarteratze eta laneratze arloan lan egiten dutenek osatzen dute: administrazioa, udalak, Lanbide, Uggasa, hirugarren sektoreko erakundeak... Gizlanen helburua bazterketa arriskuan dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzea da. Azken urteotan hainbat proiektu garatu ditu enplegu inklusiboa bultzatzeko.

Ekintzailetza sozial kooperatiboa

Uggasa garapen agentziaren hurrengo bi urteetarako bigarren erronka ekintzailetza kooperatiboari bultzada ematea da. "Azken urteotan egindako hausnarketetan oinarrituta, ekiteko modu ezberdinak daudela kontutan izanda eta gaur egungo erronka eta beharrei aurre egiteko asmoz, Uggasak Urola Garaian ekintzailetza sozial kooperatiboa eta ekosistema kooperatiboak sustatzeko asmoa du. Honek esan nahi du, pertsona eta taldeak hezteaz gain, Urola Garaiaren eta inguruko komunitatearen beharrei eta ezaugarriei lotutako proiektu kooperatibo, sozial eta kolektiboak garatzeko gune, proiektu eta testuinguruak sortzen joan behar dela, betiere, tokian tokiko behar horien gainean sortuz aktibitate sozioekonomiko berriak edo berrantolatuak/eraldatuak".

Helburu nagusia, lurraldearen beharrizanei erantzungo dien jendarte eta garapen eredu bat sustatzea da, bizitzaren sostenguan oinarrituko dena, eta bitarteko gisa pertsona eta komunitateen ahalduntzea bilatuko duena.

Pausoak ematen hasteko, Uggasak formazio ziklo bat antolatu du Olatukoop eta Biziola ekimenen eskutik. Bertan, talde edo proiektu zehatzak identifikatuko dituzte eta horiek aipatutako logikan heziko dituzte.

Saio horiek eskualdeko erakunde publikoetako arduradun eta teknikariei eta tokiko garapenean interesa izan dezaketen herritarrei zuzenduta egongo dira eta irailetik aurrera jarriko dira martxan.

Kultura energetiko berri bat

Uggasa garapen agentziaren hirugarren erronka kultura energetiko berri baten sustapena da. Urola Garaia Energia Plana lan-tzen ari da, eskualdeko Energia Mahaian. Mahai horretan udalek, UGLE lanbide eskolak eta Uggasak parte hartzen dute. Energia Planeko ekintza planaren barne, plaka fotovoltaiko mugikor bat garatu dute. "Plaka fotovoltaiko mugikor hori UGLEk garatu du. Azterketa bat egin dugu zer eman dezakeen ikusteko eta sentsibilizazioa lantzeko aproposa dela ikusi dugu", azaldu du Jon Luqui Urola Garaia mankomunitateko lehendakariak. "Plaka fotovoltaiko mugikorrak Aldundiaren arreta piztu du, baina Plana zabalagoa da. Bost ekintza aurreikusi ditugu 2022 eta 2023rako".

Luquik elkarlana azpimarratu du. "Urola Garaian herri mailako proiektuak daude, baina eskualde mailan ere lan asko egiten ari gara. Proiektu ezberdin asko daude. Ildo nagusia mankomunitatearena da".

Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariak plaka fotovoltaikoen plataforma mugikorrak jendeak etxean plakak jarrita lor dezakeena ikusteko balioko duela uste du. "Ezagutza asko dago eta aprobetxatu egin nahi dugu. Plataforma gehiago egin beharko ditugu, eskualdeko lau herrietara zabaltzeko. Leku egokiak identifikatuko ditugu eta plataformak hilabete edo bi hilabete bertan utzi, ondorioak aztertzeko. 3 Kw sortuko dituzte, kontsumo zuzena egiteko. Baina energia biltzeko aukera ere emango du. Plataforma hau landa inguruan, adosatuetan... bakarrik jarri daiteke, baina balkoietan jartzeko kit bereziak ere badaude".

Itziar Salaberriak energiaren gaia 2016tik lantzen ari direla gehitu du. "Hasieran eraikin publikoetan zentratu ginen. Ekintza asko egin dira. 2021-2026 planean, berriz, beste sektore batzuengana heldu nahi dugu: landa inguruneko bizilagunak, ostalaritza, industria...".

2021-2026 planaren helburuak kultura energetiko berri bat sustatzea (eredu jasangarri, berriztagarri eta inklusiboa), eraginkortasun energetikoa lortzea, autonomia energetikoa sustatzea eta eskualdeko eragile ekonomikoei eredu aldaketa egiten lagun-tzea da.

2022 eta 2023rako aurreikusitako bost ekintzak ondorengoak dira: enpresetan plaka fotovoltaikoak jartzeko azterketa egitea, merkatariei eta ostalariei diagnostikoa eta aholkularitza eskaintzea, autohorniketa proiektuei laguntza ematea, energia bulego baten irekiera aztertzea eta tailerrak, aholkularitza saioak eta sentsibilizazio kanpainak antolatzea. n