Arlo desberdinetako beharrei erantzuteko proiektu ugari lantzen eta garatzen ari da Azpeitiko Udala. Azken urteak ez dira errazak izan inorentzat. Baina egunerokoari eta geroari baikortasunez begiratzen dio Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Herritarren beharrei adi dago eta Azpeitiaren eta azpeitiarren etorkizuneko erronkei gaurtik erantzuten hasteko pauso ugari eman ditu.

Hamaika neurri eta ia bi milioi euroko inbertsioa aurkeztu berri duzue bizi dugun egoera ezegonkorrari erantzuteko.

Herritarrek bizi duten ezegonkortasunaren aurrean, ziurtasunak eskaintzea dagokigu erakundeoi. Horregatik babes soziala eskaini sektore ekonomikoak sustatu eta indartu eta trantsizio energetikoa bultzatuz Azpeitia jasangarriago bat egiteko neurriak zehaztu ditugu. Guretzat oso garrantzitsua da momentu oro herritarren beharrei erantzutea, eta uste dugu momentu honetan beharren irakurketa xehea egin eta neurri bereziak hartu eta baliabide publiko gehiago eskaintzeko unea dela. Eta horrelaxe egin dugu.

Babes soziala aipatu duzu. Okerren pasa-tzen ari direnen oinarrizko beharrak ase-tzea duzue helburu.

Hori da. Guretzat ezinbestekoa da herritarren bizi kalitatean eragitea. Gaur egungo prezioen gorakadak denon etxeko ekonomian eragin du. Zer esanik ez okerren pasatzen ari direnen etxeetan. Horren aurrean, dirulaguntza eska-tzaileen urteko gastuen mugak igo egin dira. Gainera, gizarte bazterkerian egon daitezkeenentzat Eusko Jaurlaritzak bideratzen duen diru kopuruarekin ez da herriko oinarrizko behar guztiak ordaintzera iristen, eta Udalak behar den edo falta den dirua jartzen du. Iaz, adibidez, Eusko Jaurlaritzak bideratutakoarekin eskaeren herena inguru ordaintzera heldu ginen.

Zaintzaren arloan ere Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, ekosistemaren lanketa batean murgilduta zaudete.

Zaintzaren arloa gaurtik erantzuten hasi beharreko gai konplikatua da. Gizartearen zahar- tzea nabaria da, eta urtez urte handitzen doa adineko eta menpeko pertsonen kopurua. Pandemiak ere erakutsi digu birplanteatu eta gabeziei erantzuten lehenbailehen hasi behar dugula. Horregatik, zainduak izan behar duten pertsonak politikek erdigunean jarri eta ekosistema berri bat garatzeko lanketan ari gara Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Gaia konplexua da, baina pausoz pauso adinekoentzat egokiena den baliabideak sortuko ditugu. Tartean, dagoeneko azaldu bezala, Garmendialde eremuan gizarte zerbitzuetara bideratuko den erakin berri bat egitea adostua dugu bi erakundeok.

Maiatzaren hasieran, etxebizitza arloan herritarrei informazioa eta aholkulari-tza eskaintzeko bulegoa ere ireki zenuten.

Etxebizitzen arloko lanketan pauso kualitatibo bat emateko garaia dela uste izan dugu. Aurtengo otsailean Azpeitiko etxebizitza plana aurkeztu genuen eta lau ildo nagusi zehaztu genituen bertan: arreta pertsonalizatua informazio osoa eta aholkularitza zerbitzu integrala eskaintzea; hutsik dauden etxebizitzak mobilizatu eta alokairura bideratzea; babes ofizialeko etxebizitza berriak sustatzea eta etxebizitza parkearen eta eraikinen birgaitzea sustatu bizigarritasuna, irisgarritasuna eta energia efizientzia hobetuz. Zerbitzu integrala eta gertukoa eskaintzeko helburuarekin ireki da etxebizitza bulegoa. Baina horrekin batera, plana garatzeko ere tresna garrantzitsua izango da.

Ehun ekonomikoaren erronkei erantzuteko Udal bakarrenetakoa izango da Azpeitikoa sustapenerako dirulaguntzak dituena.

Ehun ekonomiko sendoa izatea herrian beharrezkoa da. Horregatik, sektore desberdinetako enpresa zein autonomoei bideratutako lerro desberdinetara bideratzen ditugu baliabide publikoak urtero. Azpeitiko ekonomiaren motorra industria da, eta industria sarea indartu eta bertan lanpostuak sortzeko ahalegina egiten dugu.

Ahalegin horren emaitza da, adibidez, apirilean %7,2ko langabezia tasa izatea. Eskualdeko (%7,7), Gipuzkoako (%8,7) eta EAEko (%10,7) batezbestekoaren azpitik.

Langabeziari aurre alde batetik, sustapen ekonomikoaren bidez enpresen inbertsioak lagunduz eta azpeitiarren kontrataziorako laguntzak eskaini egiten dugu. Langabezia tasari luparekin begiratzen diogu, eta bereziki kezkatzen emakumeen eta 45 urtetik gorakoen langabezia tasak. Horregatik horien kontratazioa sustatzen ahalegintzen gara. Beste aldetik, formazioa herrian eskaintzeko apustua eginda dugu. Basazabal formazio zentroaren bidez arlo desberdinetako formazioa eskaintzen saiatzen gara. Horrek ez du momentuko langabezian eragiten, baina formazioaren bidez herritarrek lana aurki-tzeko etorkizuneko inbertsioa dela siniestuta gaude.

Larringo eremu industrialaren garapena ere martxan jarrita duzue.

Gai konplexuak eta tramitazio luzekoak izaten dira hauek. Pixkanaka egin beharrekoak, baina Sprirekin batera eremua garatzeko plan berezia egiten ari gara. Badirudi laster hasierako onarpena emateko moduan izango garela. Urola Industrialdeak egindako azterketa baten arabera, herriko 39 enpresak epe motz eta ertainean handitzeko asmoa azaldu zuten. Horretarako arazoak zituzten askok. Landetan esku pribatuetan daude zaharkitutako pabilioi ugari eta hor eragiteak oso luze joko luke eta konplexua izango da. Horregatik, detektatutako beharrei epe ertainean erantzuteko asmoz ari gara Larringo industriagunea garatzen.

Klima aldaketari aurre egiteko trantsizio energetikorako pausoak eman dituzue udal eraikin askotan.

Trantsizio energetikoan, goragoko erakundeek zer egin edo zer esaten duten zain ezin dugu egon. Norberak hartu ditzake neurriak eta eraikin publiko ia guztietan azterketak eginak ditugu energia berriztagarriak jarriz kontsumitzen dugun energia sortzeko. Horretaz gain efizien-tzia energetikoa hobetzeko pausoak ere ematen ari gara. Pixkanaka bada ere, urtez urte Udalaren energia kontsumoa gutxitzen ere ari gara.

Ekindar azpeitiarren energia kooperatibaren sustatzaile nagusiak ere bazarete.

Iaz egindako Azpeitia plan estrategikoaren baitan, klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren inguruan bazela kezka bat nabaritu genuen. Ordurako gaur egun Ekindar denaren lanketarekin hasiak geunden. Kezka ikusita lanketa indartu genuen eta gaur egun Ekindarreko bazkidetza bete betan gaude, eta izugarria da herritarren aldetik proiektuak izan duen eran-tzuna. Dagoeneko 450 bazkidetik gora ditugu. Maiatza bukatzerako beharrezko bazkide guztiak eginda izatea aurreikusten dugu.