Astigarraga- Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea 1977an sortu zen eta sagardo naturala ekoizten duten 41 sagardotegik osatzen dute gaur egun. Sektore honetan tradizioa eta berrikuntza nola uztartzen diren garbi ikus daiteke. Etorkizunerako, txotx kulturaz gain, turismoan eta produktu barietate berrien sorreran burubelarri ari dira. Olatz Mitxelenak, koordinatzaileak, argibide gehiago ematen ditu.

Nolakoa izan da Sagardogileen Elkarteko bilakaera azken urteetan?

Elkarte baten funtsak izan behar du bere elkartekideei zerbitzuak ematea eta zorionez, sektore honek ere bere eboluzioa izan du. Elkarteak, hala beharrez, eboluzio horri erantzun behar izan dio. Gure helburu nagusia beti izan da zerbitzuak dibersifikatzea beraien beharrei eran-tzuteko.

Zein zerbitzu eskaintzen dizkiezue?

Oinarrizko zerbitzuak eta alor turistikoari dagozkion zerbitzuak eta batik bat horiek dira digitalizazioari lotuta datozenak. Salto teknologiko garrantzitsuena sagardotegien kudeaketari dagokio.

Asko kostatu zaie sagardogileei digitalizaziora egokitzea?

Etxe bakoitzeko egituraren arabera izaten da. 60 urtetik gorako jabetza duten sagardotegien kasuan bost edo sei urterako negozio eredua lantzen ari dira; baina baditugu ere 30 edo 40 urte inguruko erreleboa hartu berri dutenak eta horiek, azkenean, bere bizitza osoa planifikatu behar dute. Azkeneko hauek ez dute digitalizazioa zalantzan jartzen. Ez nuke esango erresistentzia dagoenik teknologiari dagokionez, baina bai kasu batzuetan inplantazioa luzeagoa izaten da. Adibidez, orain Ticket Bai gaia datorkigu eta horrek ere hainbat erronka ireki dizkiete. Gainera, beraiei ere Ogasunari bere datuak helarazteko Silicie programa ezarri zitzaien eta horrekin beste aldaketa bat etorri zitzaien.

Zein abantaila ditu sagardogileentzat digitalazioak?

Sagardotegiak bi negozio linea nagusi ditu. Alde batetik dauka sagardoaren produkzioa eta horren salmenta eta bestetik du sagardotegia bera. Bakoitza mundu bat da, baina bi negozio lineen artean sinkronizatzea komenigarria da. Digitalizaziorik gabe dena zaku berean egoten da, kasu gehienetan papera eta boligrafoa behar dute eta buruan informazio asko gordetzen dute, gurekin alderatuta, ikaragarri pila. Aro digital honek produktuari dagokion kontrola digitalki emateko aukera eskaintzen die eta gero programak beraien artean sinkronizatzea, alde batetik bodegari dagokiona eta baita jatetxeari dagokiona ere.

Eta Sagardogileen Elkarteak berak nola darama digitalizazioa?

Guk hiru motor desberdin ditugu: online denda, erreserben kudeaketa automatikoa eta irteeren kudeaketa automatikoa (turismoa). Guk hiru motor hauek sagardogileei uzten dizkiegu erakusleiho bat izan dezaten eta eguneroko lana errazteko tresna bat izan dezaten. Online salmentarekin oso pozik gaude; bultzada handia eman diogu eta urtetik urtera gora doa.

Sagardo Route marka ere sortu duzue turismoa suspertzeko.

Hori da. 2017an Euskal Sagardo jatorri deitura sortzearekin batera, elkarteak beste behar ba-tzuei erantzuteko aukera izan zezakeela ikusi genuen, behin produktuaren jatorri deitura kanporatuta. Hau izan zen Sagardo Route proiektua: elkartearen identitatearen barruan sagardogilieei begira eta kanpora begirako zerbitzuak ematea; batik bat sagardo turismo bat sortzeko. Eskaintza bat sortu, eskaintza hori tarifikatu eta, gero, tarifikazio hori saldu ahal izateko hainbat plataformaren bidez lana egin zen. Hemen aldaketa inportante bat egon zen.

Beraz, azken urteetan turismoan indarrak jarri dituzue.

Bai, egituratu gabe egotetik, egituratua egotera pasa da eta hori da lehenengo pausoa edozein eskaintza turistiko osatzerakoan. Lehenago ez zegoen produktu turistikorik, bakarrik sagardotegiko txotx erritua deitzen zitzaiona. Baina handik haratago, mundu honek mila aukera eskain ditzake. Honela sagardotegiei beste bezero mota bat erakartzeko aukera ematen digu. Hau da etorkizunera begira gelditzen den hondarra; hori da garrantzitsuena.

Nolako turismoa lantzen ari zarete?

Turismo jasangarria nahi dugu. Bezeroen kopurua kontatua da, ez ditugu talde handiak mugitu nahi, eta kalitatezko zerbitzu bat eskaini nahi dugu.

Sektore honek nola egin dio aurre pandemiari azken bi urteetan?

Zailak izan dira, batez ere, aurrekaririk gabeko garai bat bizi izan dutelako. Sektore honek duen ezaugarri inportante bat oso sektore langilea dela da eta gaitasun handia duela lan ordu asko sartzeko. Baina oraingoan, gelditu eta pentsa-tzea tokatu zaie eta originaltasun bat bilatu behar zuten. Askok oso erantzun egokia eman diote: etxerako zerbitzua, produktuen dibertsifikazioa, terrazen irekiera...