- Bi urteren ondoren, itzultzear daude Lazkaoko San Prudentzio Jaiak. Apirilaren 22tik maiatzaren 1era bitartean ospatuko dira. San Prudentzioez ez ezik, Lazkaomendiko Jaiak ere egitear dadude, maiatzaren 6tik 8ra.

Lazkoko Udalak jaien egitaraua ezagutzera eman zuen asteazkenean. Prentsa agerraldian xehetasun guztiak eskaini zituzten Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak, Amagoia Naldaiz Kultura zinegotziak, Miren Larrañaga Kultura teknikariak eta Aitor Altuna, Landa eremuko zinegotziak, Lazkaomendiko jaien ordezkaritzan. "Jaien ohiko esentzia mantentzea helburu izan du Udalak", adierazi zuten.

Aurten San Prudentzioei hasiera emateaz Lazkao Txiki Musika Eskola arduratuko da, suziria jaurtiz. Musika kontzertuek, kirol ikuskizunek, haurrentzako ekitaldiek eta herriko eragileen jarduerek, besteak beste, osatuko dituzte herriko jaiak.

Musika alorrean, nabarmen-tzekoak dira Zetak, Joselu Anaiak, Dj Bull, Tolin Mariatxia, Zelanda, Xaibor edota Oihan Vegak eskainiko dituzken emanaldiak. Baita, Lazkaoko musikariek eta taldeek eskainiko dituzten saioak: Lazkaoko Musika Banda, txistulariak, Jundajo txaranga, Suthai batukada, Kantaka eta Oskarbi taldeen kontzertua, Oin Arin dantza taldea...

Kirol alorrean, Urrezko Aizkora txapelketa, igeriketa erakustaldia, Lazkaoko LXXIV. txirrindulari proba edota esku-pilota finala nagusi-tzen dira.

Haurren eguna apirilaren 29an izango da, eta etxeko txikienek egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izango dute.

Ostiralean jaurtiko da txupinazoa Lazkaomendiko Jaiei hasiera emateko. Jarraian talo tailerra egingo da, eta eguna DJ Oixanirekin amaituko da. Larunbatean, berriz, Mus txapelketa egingo da Itxurrenen, besteak beste. Igandean, azken egunean, Andoni Egaña eta Maddalen Arzallus bertsolariek bertsoak botako dituzte. Berritasun gisa, herri kirolak antolatu dira.

Egitaraua datorren astean iritsiko da Lazkaoko etxe guztietara, baina bere osotasunean kontsultatu daiteke jada www.lazkao.eus web orrialdean.