- Proiekzio berezia izango da bihar Tolosako Leidor aretoko pantaila handia. Aita Mari pelikula erakusteaz gain, Elosegi parkean egindako Olentzaroren Basoa egitasmoan lortutako dirua, orotara 2.548,14 euro, GKE-ari helaraziko dizkio Zumardia elkarteak. Emanaldia 19.00etan hasiko da.
Salvamento Marítimo Humanitario GKEak erreskate ontzi bihurtutako atunketariarekin egiten duen lana erakusten du Javi Juliok zuzendutako film luze dokumentalak. Hain zuzen ere, biharko ekitaldian izango da Javi Julio bera, Igor Arabaolaza kamerari tolosarra eta dokumentalean lan egin duten beste zenbait lagun. Errefuxiatuen erreskatean parte hartzen duten kideak ere izango dira.
Ekitaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude Leidorreko leihatilan ohiko ordutegietan eta Kutxabankeko plataforman.