- Otsailean nazioarteko hezegune astea ospatzen denez, Zarauzko Arkamurka Natura-Elkarteak Iñurritza biotopoko hezegunearen garrantzia aldarrikatu nahi du “alde batetik, itsasertzeko eta lehorguneetako ur-sistema erregulatzen duelako eta, bestetik, gune horretan dagoen fauna eta flora oso aberatsa delako”. Horretarako, gaurko eguna hezegune eguna izendatu du.

Hainbat ekitaldi egingo dira egunean zehar. 9.00etan elkartuko dira Zarauzko surtidorearen aurreko biotopo sarreran eta bisita gidatua egingo dute inguruetatik.

Halaber, Iñurritzako alde bietan dauden zaborrak bilduko dituzte. Izan ere, elkartetik adierazi dutenez, plastiko asko dago bertan. Gainera, erakutsi egingo dituzte zein landare inbaditzaile ugaltzen ari diren biotopoan, eta bakarren batzuk moztu ere egingo dira. Hori guztia egin ahal izateko, eskularruak eta katiuskak ekartzea gomendatzen da.