- Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia Unibertsitate Ospitalea eta Biodonostia laborategia elkarlanean ari dira osasunari lotutako I+G proiektuak bultzatzen. Markel Olano ahaldun nagusiak bilera instituzionala izan zuen atzo Donostia Unibertsitate Ospitaleko eta Biodonostia OIIko lan-taldearekin, Itziar Pérez Ospitaleko gerentea eta Julio Arrizabalaga Institutuko zuzendari zientifikoa buru zirela.

Instalazioak eta ekipamendu teknologikoa bertatik bertara ezagutzeko ez ezik, zentroak foru erakundearen laguntzarekin garatzen dituen ikerketa-proiektuak batera-tzeko ere balio izan zuen bisitak, baita GANTT (Gipuzkoa Advanced New therapies Territory) proiektuari lotutako lankidetza estutzeko ere. Egitasmo horren helburua, Gipuzkoa "osasunaren terapia aurreratuen arloan erreferente" gisa kokatzea da, hainbat eragile donostiarren arteko lankidetzaren bitartez, tartean Biodonostia dagoelarik.

Foru-erakundearen aldetik, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen diputatuak eta bere lantaldeak ere parte hartu zuten topaketan. Biodonostiaren ordezkaritza osatzeko, bertan izan ziren Arantza Abad gerentea, Adolfo López de Munian Neurozientzien arloko arduraduna, Ander Izeta Ehun-Ingeniaritzako arduraduna, Idoia Gurrutxaga Ospitaleko zuzendari medikoa eta Carlos Panizo Hematologiako zerbitzuburua.

Olanok balioetsi egin zuen Aldundiak eta Biodonostiak "sortu zenetik" izandako "lankidetza emankorra", eta institutuak "gure osasun sistema euskaldun, erresiliente, indartsu eta berritzailearen abiaburua" sinbolizatzen duela azpimarratu zuen.

"Biodonostiak medikuntza eta osasun-teknologien ikerketan egiten duen lanak, ez du soilik osasun-laguntza eta herritarren ongizatea hobetzen, aberastasuna eta kalitatezko enplegua ere sortzen ditu, gure ekonomia indartuz", ziurtatu zuen.

Bisitan zehar, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Gipuzkoako Sareari laguntzeko programak babesten dituen Biodonostiako proiektuen balantzea ere egin zuten. Azken bi urteetan, foru erakundeak zentroak garatutako zortzi proiektu lagundu ditu, 492.000 euroko ekarpenarekin: bost 2021ean eta hiru 2020an.

Iaz babestutako ekimenen artean, nabarmentzekoa da Onkologia Traslazionaleko Laborategirako ekipamendu berrian egindako inbertsioa. Hainbat talderentzat izango da erabilgarri ekipamendu hori: Bularreko Minbizia, Onkologia Zelularra, Onkologia Molekularra, Ehun-Ingeniaritza, Gaixotasun Hepatikoak eta Gaixotasun Gastrointestinalak; eta, bide batez, oso baliagarria izango da Onkologia Ikerketa Klinikoko Unitate Bateratura sustatzeko, eta EHU, CIC Biomagune eta DIPCrekiko lankide-tza sendotzeko.

Beste proiektuek honako gai hauek dituzte ardatz: alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) ikertzea; tumore-progresioa eragiten duten ibilbide molekularrak; behazun-minbiziaren diagnostikoa, pronostikoa eta tratamendua; eta DNAren analisia, datuak aztertzeko algoritmo konputazionalak garatuz.

Gainera, Sonia Alonso ikertzailearen kontratazioa eta jarraipena babestu du Aldundiak, 2019az geroztik talentua erakartzeko eta atxikitzeko eratutako Fellows programaren bidez, hiru urtean 121.224 euroko ekarpena eginda.

Azkenik, Viralgen, ViveBiotech eta Donostia Ospitalea eta Biodonostia bezalako beste eragile ba-tzuekin batera Aldundiak susta-tzen duen GANTT proiektuaren barruan eman beharreko pausoak aztertu zituzten topaketan, Gipuzkoa "terapia zelularretan, genikoetan eta RNAkoetan industria-orientazioa duen erreferen-tziazko lurralde" bihurtzeko helburuarekin.

"Proiektua hasierako fasean dagoen arren, oso itxaropentsu gaude. Etorkizuneko medikuntza eta gaixotasun larrien tratamendua irauliko dituen esparru honetan sendo kokatzeko oinarri polita dugu Gipuzkoan eta Euskadin ", adierazi zuen Olanok.

Era berean, proiektu horren baitan, Osakidetzak eta Biodonostiak "oso rol garrantzitsua" jokatzen dutela ziurtatu zuen ahaldun nagusiak, bai fase aurreklinikoak egiterakoan, bai saiakuntza klinikoetan, zelula- eta gene-terapietan, gaur egun Osakide-tza egiten ari den Terapia Aurreratuen Unitatearen bidez.