Orain dela lau urte, Oiartzungo langileak bere Udal Artxiboan hasi ziren aktak eta ordenantzak digitalizatzeko lana egiten. Helburua sarean jartzea da, herritarren eskura, eta hauen dibulgazioa egitea. Lan honi esker noiz edo noiz altxorrak aurkitzen dira.

Azkenekoa, Oiartzungo Donemiliagako glosak deritzonak dira, XVIII. mendekoak. Glosak erdarazko testu batean agertzen diren hitz batzuei argia ematen diote. Hala, gaztelaniazko hitz jakin batzuen alboan edo goialdean euskarazko kontzeptu bat gehitzen da, azalpen moduan. Aldeak alde, ohar berezi horiek euskarari buruzko lehen esaldi ida-tzietara garamatzate, hots, oihar-tzun handia izan zuten X. mendeko Donemiliaga Kukulako glosetara.

Oiartzunen, konkretuki, bikarioarentzat ziren idatzi horietako zenbaitetan, euskarazko ohar argigarriak azaltzen dira, hau da, gaztelaniazko kontzeptuak azaltzeko erabilitako hitzak. Ez dira euskara hutsean burututako testu luzeak, apunte ñimiño batzuk baizik. Aipatu denez, aurkikuntza hau udal akten hustuketa prozesuari lotuta daude. Horrek esan nahi du orain arte landu diren liburuetan jarri dela begirada. 1742koetara artekoak hartu dira, urte horretakoa barne.

Badaezpada, bilaketak 1750 urtera arte zabaldu dira, baina, lehen begiratuan, emaitzak antzuak izan dira. Edonola ere, material horretan guztian sakonduz, etorkizunean ohar gehiagoren berri izatea gerta daiteke.

Artxiboan gordetzen den aspaldiko dokumentazioa gure hizkuntzaren nondik norakoak aztertzeko euskarri garrantzitsua da. Euskarazko printzak horren ugariak izatea, dokumentazioaren beraren osaeran datza, akta liburuen eduki anitzari esker. Datuen bilketa bide desberdinetatik iristen da: batzuetan erraz, lehen golpean, topa daitezke; besteetan, berriz, begia zorroztu beharra dago, oharkabean igarotzen baitira.