sasun krisiari eta honek utzitako ondorioei aurre egiteko urtea izan da 2021. Pandemia atzean utziko genuelaren itxaropena izan bagenu ere, birusak gogor jotzen jarraitu du 365 egunetan zehar. Egoera honetan elkar zaintzeko beharra areagotu da, pertsonak erdigunean jarri eta herritarren ongizatea jomugan izatekoa.

Goierriko 18 herrietako udalei normaltasun berrira egokitzea tokatu zaie, koronabirusaren mehatxuari aurrea hartzeko. Esfortzu guztiak bideratu dituzte horretara eta goierritarren bizi-kalitatea bermatzea helburu izan dute.

Azpiegituren hobetze, mantentze eta konpontze lan ugari egin dituzte herritarren behar nagusiei erantzuna emateko. Pandemiak udalerri eroso, atsegin eta irisgarriak sortzeko premia emendatu baitu.

Beasain izan da bide horretan nagusitu dena. Gelditutako proiektuak aktibatu ditu Leire Artolaren gobernu taldeak. Dolarea parkearen eraberritzea denboraldiko obrarik esanguratsuenetako bat izan da eta, era berean, beasaindarrek gehien aipatu dutena. Parkearen helburua Beasaini espazio publiko berde, irisgarri, balioanitz eta integratu berri bat ematea izan da. Uztailaren amaieran inauguratu behar bazen ere, urrian zabaldu zituen ateak. Proiektu honek 741.297,86 euroko aurrekontua izan du.

Halaber, koronabirusak adinekoak zaintzeko beharra nabarmendu du gizartean, baita Beasainen ere. Ildo horretan, nagusien egoitza berriaren obrei hasiera eman zaie. Lanek orain arteko egoitzak zituen oztopo eta trabak gainditzea dute xede. Aurrekontua 600.739,32 eurokoa da (BEZ barne). Gainera, irisgarritasun arazoak Oriamendiko igogailuarekin konponduko dira. Nafarroa Etorbidea eta Oriamendi Kalea lotzen ditu. Duela egun gutxi bihurtu da erabilgarri: abenduaren 22an.

Porteriako uholde-arriskua ezaba-tzea izan da urteko beste proiektu giltzarrietako bat. Proiektu hori mugarria da legegintzaldian eta 2022an zehar gauzatuko da.

Ordizian parke sare berria eratzeko beharra nabarmendu da. Parte-har-tze prozesu baten bitartez Okorro parkea eraberritzeko premia identifikatu da. Irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko helburua duten lanak dagoeneko hasi dira. Bestalde, parkeren bat estaltzea ere eskatu dute ordiziarrek. Beharrari erantzunez, hainbat aukera daude aztergai.

Lazkaon urteko inbertsiorik handiena suposatu du Hiribarren-Ibabe garatzen hasteko obrak. Buruturiko lanak eraldaketa handia izan dira enpresa zein bertako bizilagunen baldintzetarako. Baina urbanizazioaren berritzea ez da amaitu, eta urrats berriak emango dira 2022an zehar. Lehena, biribilgune edo errotondaren azpiko aparkalekua egokitzea izango da.

Legorreta ere ez da atzean geratu. Uztailean Euskal Herriko lehen bizikleta parke urbanoa inauguratu zuen. Xendapedalak izena darama bike park-ak eta 3.500m2 ko azalera du. Adin eta maila guztietako herritarrei zuzenduta dago.

Ekonomiari bultzada

Enpleguaren sustapena eta tokiko ekonomia bultzatzea lehenesten duen kudeaketa zuhurra aurrera eraman da Goierrin. Hirugarren sektorea indartzeko urratsak eman dituzte Beasaingo eta Ordiziako Udalek. Bonu-kanpainak martxan jarri dituzte udalerrietako saltokietan; arrakasta handia izan dute. Horretaz gain, bailarako produktu eta zerbitzuen sarea indartzeko, eta bertako salmenta eta kontsumoa konektatzeko plataforma digitala sortu da: Goierriko Azoka.

Digitalizazioa eta nazioartekotzea ere Berrabiarazi programaren bidez landu da. Krisi-egoeraren eragina gutxitzeko eta tokiko ekonomia eta enplegua berpizteko lanean ari den sarea da Berrabiarazi, enpresek beren jarduera berreskura dezaten. Goiekik, Goierriko Garapen Agentziak, eta bailarako zenbait Udalek jarri dute martxan proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako tresnaren laguntzarekin.

Jasangarritasunaren, mugikortasunaren eta energiaren alorrean ere hainbat aurrerapauso eman dira. Beasainen eta Ordizian Oria ibaiaren garbiketan sakondu dute zaborrak Goierriko urak zikindu eta kaltetu ez ditzan. Lazkaon, aldiz, kale argiak led sistemara aldatu dira.

Zentzu horretan, 2022an eguzki plaken urtea izango da. Autokontsumo energetikoaren aldeko apostua egingo da eskualdeko herri askotan.