- Abiadura irristaketako formaturik zirraragarrienetako batean, indoor deritzon modalitatean, irristaketa Usabal kiroldegira itzuliko da igande honetan. Egurrezko lurzoru azkarrean jokatuko da VI. Irristaka Indoor Saria, Tolosako Irristaka taldeak antolaturik seigarren urtez.

Lau itzulitan, lau lasterkariz osaturiko sailkapen serieak gaindituz, finalera iristea izango dute helburu patinatzaileek. Lasterketak, labur bezain biziak izango dira eta abilezia, teknika eta indarra ondoen uztartzen dituenak eskuratuko du garaipean.

Bi kategoriatan banatuko dira sailkapenak: 16 urtez azpikoak eta 16 urtez gorakoak, neska zein mutiletan. Hainbat lasterketetan trebatutako gaztetxoak, nagusi zein masterrak izango dira elkarrekin lehian.

Aurten, gainera, Patxi Peula, munduko txapelduna Usabalen izango da eta antolatzaileek azaldu dutenez, ikusleak aho zabalik utziko ditu "bere patinatzeko era izugarriarekin". Aurtengo Behobiako garaile eta Berlingo maratoian hirugarren postua lortu berri duen Aura Quintanak ere izena eman du proban. Aitor Vacas ere, aurtengo Behobiako garailea, besteak beste. Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako hamar taldetako kirolariek parte hartuko dute.

10.00etan hasiko dira sailkatze probak eta 13.30ak aldera bukatuko dira lasterketak, tartean erreleboetako lasterketa jokatuko delarik. 51 lasterkarik eman dute orotara izena. Aipatzekoa da ere irristaketa kirolaren ezaugarrietako bat gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna parte-har-tzaile kopuruan, 21 emakumezko eta 30 gizonezko izango direlarik igandean Tolosan.