- Ohikoa den moduan, Atsegindegi plazan ospatuko da aurten Hernani Club Rugby Elkarteak antolatzen duen Garagardo Azoka, asteburu honetan. Hamazazpigarren edizioa da aurtengoa.

Gauzak horrela, igandera arte 16 garagardo mota desberdin dastatzeko aukera egongo da. Horien artean lau Euskal Herrian egindakoak dira eta Klubaren garagardoa ere eskaintzaren artean egongo da. Paulaner, Guiness Beltza, Murphy's, Maes, Cruzcampo edo Lagunitas bezalako markak ere aukeran egongo dira. Baina oso garagardozaleak ez direnek edo alkoholik edan nahi ez dutenek, badute ere bere aukera, Amstel Radler eta Buckler 0'0ri esker.

Edariaz gain, garagardo azokan ohikoak diren jakiak ere eros ahalko dira. Gainera, etxera eramateko aukera dago. Alabaina Atsegindegin geldituko direnek ez dute hotzik pasako, antolatzaileek aditzera eman dutenez, berogailuak egongo dira esparru guztian.

Azoka ostegun arratsaldean hasi zen eta giro aparta egon dela adierazi dute klubetik. Bihar arte egongo da garagardo azoka zabalik eta ekitaldi bereziak egongo dira Atsegindegi alaitzeko. Adibidez, gaur DJa egongo da 22.00etatik 1.00etara eta bihar, 12.30ean Palentzia-Hernani partidua ikusteko aukera egongo da pantaila erraldoien bitartez. Partidaren emanaldian txorizo pintxoak bi euroren truke salduko dira. Gainera, bihar arratsaldean karaokea egongo da.

Barra gaur 12.00etatik 1.00etara zabalik egongo da, atsedenik gabe, eta sukaldeak 14.00etatik 15.30era eta 19.30etik 23.00etara emango du zerbitzua. Bihar, sukaldeko ordutegia berdina izango da, baina barra ordubete lehenago itxiko da; hau da, 12.00etatik 0.00etara irekita egongo da.