iartzungo Udalean ordezkaritza duten bi alderdiak, EH Bildu eta EAJ, kontsentsuz eta adostasunean, bizikidetza lantzen ari dira oroimena eta egia berreskuratuz. Bide horretan, Udalak zenbait ekimen egin ditu legegintzaldi honetan.

Orain, urrats bat gehiago eman eta oso ezaguna izan ez den gai bat argitara atera nahi du Udalak: nazien kontzentzazio eremuetara deportatu zituzten hego euskal herritarrak, horien artean, Maria Josefa Sanzberro oiartzuarra.

Sanzberroren historia eta bere figura goraipatzeko datorren astean erakusketa bat, hitzaldi bat eta aitortza ekitaldi bat antolatu dira, La Ilusión eta Katin Txiki elkarteen laguntzarekin. Ekitaldi guztiak Arizmendienean izango dira.

Honela, bihartik larunbatera arte, La Ilusión eta Amical de Mauthausen elkarteek prestatutako Euskaldunak eta deportazioa erakusketa egongo da ikusgai. Erakusketa ireki-tzeko, 19.00etan erabilera anitzeko aretoan (lorategitik sartuta), Etxahun Galparsoro Ansola historialariaren hitzaldia izango da. Galparsorok Bilbao en Mauthausen: Memorias de supervivencia de un deportado vasco liburua idatzi du, Marcelino Bilbao deportatuaren istorioari tiraka. Nazien kontzentrazio eremuetara deportatutako hego euskal herritarren gaia kokatzeaz gain, Sanzberro oiartzuarraren kasuaz hitz egingo du Galparsorok.

Amaitzeko, larunbatean 12.00etan, Maria Josefa Sanzberro Echeverriaren omenezko aitortza ekitaldia burutuko da.

Sanzberro da nazien kontzentrazio eremuetara eraman zuten oiar-tzuar bakarra. Lapurdira joan zen bizitzera eta nazien kontrako erresistentzian ibili zen. Atxilotu eta Alemaniako lau kontzentrazio eremutatik pasatu ondoren, deportatuta hil zen 1944ko azaroaren 13an.

Hain zuzen ere, haren heriotzaren 77. urteurrenaren data baliatuko du Udalak "bere jaioterriaren aldetik merezi duen aitortza" egiteko. Orain arte, Sanzberrok hainbat erakunderen aitortza jaso du: Freedom, Mourt por la France eta Vermeil dominak, eta Charles de Gaulle eta Eisenhower Frantziako eta AEBtako presidenteen eskertzak.