- Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa ospatu berri da, eta atzo, igandea, sari banaketa izan zen. Aurtengoa hogeita hamargarren edizioa izan da, Argi Berri Elkarteak, Ordiziako Udalarekin batera, antolatutakoa.

Lehiaketak hiru maila izan ditu: gaztetxoak, 13 urte artekoak; gazteak, 14-18 urte bitartekoak; eta helduak 18 urtetik gorakoak.

Gaztetxoen mailan zazpi lan aurkeztu dira eta honakoa izan da sailkapena: Zaldibiako Suhar Man-tzizidor Jauregi, lehenengo posutan; Sarako Unax Aizpurua Ibergarai, bigarrenean; eta Segurako Maren Iturrioz Etxeberria hirugarrenean.

Gazteen mailan sei lan egon dira. Azkoitiako Naia Arrizabalaga Arrieta izan da txapelduna Ez zatoz lanagatik; bigarren saria Beasaingo June Aiestaran Iparragirrek eraman du, Lotsa lanagatik; hirugarren postua Villabonako Aratz Arzelus Arannburuk lortu du, Bizitzaren azterketa lanagatik.

Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena beasaindarra izan da helduetan hoberena, Jokoa ez da errenta lanagatik. Bigarren postua Zarauzko Aner Peritz Manterolak lortu du, Hi ondo, eta ni? lanagatik; eta hirugarrena, Oñatiko Urko Egaña Calderon, Barrutik kanpora lanagatik.

Manu Olano, Nikolas Zeberio eta Izar Sarriegi izan dira epaimahikideak, eta hauena izan da bertsopaper hoberenak aukeratzearen lana.

Ohiko diru-sariez gain, (200, 100 eta 50na euro gaztetxoek, 300, 200 eta 100na euro gazteek eta 500, 400 eta 300na euro helduek) Txikia oroigarri bana ere jaso dute irabazle izan direnak. Horretaz gain, Lazkao Txikiren bizipenak kontatzen dituen Irriz eta malkoz liburua ere etxera eraman dute.