- Aretxabaletako EH Bildu taldeko bozeramaile den Ion Albizuk martxan jarri duten Bide eder bat izeneko prozesuaren aurkezpenean hurrengoa azpimarratu zuen: "Erronkaz beteriko momentuak bizitzen ari gara; hurrengo urteetakoak ez dira makalak izango. Urte garrantzitsuak eta erabakigarriak izango dira, eta izaten ari dira"

Testuinguru honetan, EH Bilduko kideen esanetan politika egiteko "beste eredu batzuk" behar direla agerian geratu da. Horregatik, Bide eder bat ekimena bultzatu dute. "Ez da ohiko prozesua izango eta eskainiko den tresna bidea bera da", azaldu zuten. "Prozesu honek forma ezberdinak hartuko ditu: gai zehatz batek hala eskatzen duelako; proiektu bat jaio-tzeko edo abian jartzeko jendearen laguntza behar delako; korapiloren bat askatu behar delako, edo arlo baten bueltan patxadaz hausnartu nahi dugulako. Hau da Aretxabaletari eskaintzen diogun erreminta, bidea bera", zehaztu zuen Albizuk. Hamabost pertsonako talde dinamizatzailea lanean hasita dago, eta orain, gai desberdinak jorratzeko lantaldeak sortuko dituzte.

Gainera, bide "eder" honi herritarrekin batera aurre egin nahi diote. Horretarako, inkesta bat zabaldu dute kolaboratzeko prestutasuna nolakoa den jakiteko. Norberak nahi duen erara eta konpromisoarekin, nahi duen erritmoan eta gaian izango du parte hartzeko aukera. "Proiektu zehatzak mahai gainean ditugu eta laster jakitera emango ditugu; denon parte-har-tzea eskatuko dugu egitasmo horiek ahalik eta jende gehienen oniritzia duten ala ez jakiteko, eta herritarrek ekarpenak egin ditzaten", adierazi zuen Albizuk.

Parekidetasunean, hezkuntzan edo kulturan hausnartzeaz gain, erronka bati ere heldu nahi diote: Hirigintza Plan Orokorrari. "Aretxabaletarrek dituzten asmoak, ideiak eta helburuak elkarbanatu nahi ditugu, guztiak en-tzun eta denon artean erabakiak har-tzeko", nabarmendu zuen Albizuk. Bakoitzak dagoen tokitik baina guztiekin batera egin nahi dutela ere esan zuen: "Betorik gabe, harrokeriarik gabe, baina harrotasunez".