- Covid-19ko pandemiak sortutako osasun egoeraren ondorioz, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak ezin izango du aurtengo Xoxoteko Eguna ohi bezala ospatu. Hala ere, mendizaleen elkarteak bihar Xoxotera igotzeko deialdia egin du.

Lagun Onak Mendi Bazkunatik jakinarazi dutenez, "aurtengo Xoxoteko Eguna ezingo dugu ohi bezala ospatu baina, hala ere, Xoxotera igotzera animatzen ditugu herritarrak". Izan ere, "Xoxoteko aterpea irekita egongo da, mendi bazkunaren materiala saltzeko postua jarriko dugu, eta ikasturtean zehar mendiak igo dituzten umeei dominak banatuko dizkiegu... Egongo da, beraz, zer egina!".

Gainera, gailurrean edo San Inazioren irudian ateratako argazkiak mendizaleen elkartera bidaltzen dituzten herritarren artean (posta elektronikoz edo sare sozialen bidez), bere 75. urtemugako bi kamiseta zozkatuko ditu Lagun Onak Mendi Bazkunak. Herritar guztiak gonbidatuta daude bihar Xoxotera igo eta ekimen horretan parte hartzera.