- Azpeitiko Udalak eta Malen Etxea Elkarteak hitzarmena sinatu berri dute, zaintza lanetan aritzen diren emakume etorkinen zerbitzura izango den udal etxebizitza baten lagapena egiteko.
Hitzarmenean jasotakoari eutsiz, udal jabetzako etxebizitza bat utziko zaie Azpeitian zein inguruko herrietan bizi diren eta zaintza lanetan aritzen diren emakume etorkinei aterpe emateko.
Udaletik azaldu dutenez, "emakume horiek une jakin batean lanik gabe eta bizitorik gabe gera daitezke, zaintzen duten pertsona hil edo egoitza soziosanitario batera joan delako". Hala, "beste lan bat bilatu bitartean izango dute erabilgarri" Udalak lagatako etxebizitza.
Malen Etxea elkartearekin sinatutako akordioa Udal berdintasun planaren helburuekin bat dator.
Nagore Alkorta alkatearen hitzetan, "zaintzan lanean aritzen diren emakumeak une jakinetan lanik gabe eta bizitokirik gabe, oso egoera ahulean gelditzen dira". Horregatik, sinatutako akordioarekin "emakume horiek egoera horietan babestea lortu nahi da".