zestoa- Naturgune aberatsa, ondare arkeologiko garrantzitsua eta azalera handia duen herria da Zestoa, eta etorkizunera begira dituen erronkei buruz mintzatu da bertako alkate Mikel Arregi.

Azalera aldetik (45 km karratu) Gipuzkoako 11. herria da Zestoa, eta biztanle kopuru aldetik (3.894), eskualdeko hirugarrena. Zein dira herri honen indarguneak?

Kokapen estrategikoa dugu, kostaldea eta Urola bailara batzen dituen herria da Zestoa, azalera handiko herria gainera. Horrez gainera, Pagoeta eta Izarraitz parke naturalak ditugu inguruan, hortaz, natur-ondare handiko lurrak ditugu. Bestalde, ondare arkeologiko garran-tzitsua dugu, Ekain koba da ezagunena, baina horrez gain 400.000 urte inguruko aztarnak dituen eremu arkeologikoa ikertzen ari dira Aranzadikoak. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, zementugintzaren inguruko proiektu oso interesgarria daukagu martxan, XX. mendearen hasieran jarduera garrantzi-tsua izan baitzen Zestoan iraulika edo porlan naturalaren inguruan.

Erakargarri turistikoei dagokionez, Zestoa Bainuetxea baino gehiago bada€

Zestoakoa Euskal Herrian gelditzen den bainuetxe historiko bakarra da. Urola Erdiko "perla" izan zen. Pandemia dela eta, itxita dago une honetan, baina etorkizunera begira bere aldeko apustua egin behar dugula argi dugu, turismo lasaiaren barruan eskaintza interesgarria delako.

Eremu gorrian dago udalerria une honetan€

Gauzak ondo badoaz, ea bihar eremu gorritik ateratzeko aukera dugun. Pandemian gora-behera handiak bizi izan ditugu. Irailean agerraldi handia izan genuen, autokonfinatu egin ginen eta denon artean egoerari aurre egin eta gaindi-tzea lortu genuen. Esan beharra dago herritarren jokabidea ere zoriontzekoa izan zela.

Martxoan mugikortasun plana aurkeztu zuen Udalak, zertan datza?

GI-631 errepideak herria zeharkatzen du eta duela 50 urte saihesbidea egiteko proiektua egin zen, baina gure herriaren kokapen geografikoa dela eta, oso konplikatua zen hori eraikitzea, inguruan inpaktu handia izango zuelako. Legealdi hasieran Aldundiarekin harremanetan jarri ginen herriko sarrera eta irteerak ordenatzeko. Urtebeteko prozesua izan da eta azkenean Aldundiak aurrera egiteko baimena eman digu. Horrela, GI-631 errepideak herrian sortzen dituen segurtasun arazoak konpontzeko asmoz, sarrera eta irteerak hobeto antolatzeko baliabideak jarriko ditugu. Bestalde, herri barruan ere, hainbat hobekuntza egingo ditugu, oinezkoei lehentasuna emateko. Honek guztiak ongizateari eta herriaren bizitzari mesede egingo dio.

Datorren ostiralean kultur programazioari ekingo dio Udalak.

Iazkoan Udan Zer Zestoan? ekimena antolatu genuen, udako jaiak bertan behera geldituko zirela ikustean. Oso ondo joan zen eta aurten ere ezingo dugunez festarik ospatu, kultur eskaintza zabala prestatuko dugu udarari begira. Herriguneaz gainera, 10 auzo ditugu Zestoan eta auzo horietan egiten diren jaiei bideratutako aurrekontua kultur programa hori osatzera bideratuko dugu. Hasteko,Thierry Biscary musikariaren kontzertua eta bertso emanaldi berezia maiatzaren 7an eta 9an ospatuko dira, hurrenez hurren.

HAPO hirigintza antolamendurako proiektua martxan duzue, non herritarren partaidetza funtsezkoa izan den€

Zestoan itsasoa, landalurrak eta parke naturalak ditugu inguruan eta ezinbestekoa da antolamendua etorkizuneko proiektuak martxan jarri ahal izateko. Aurreko arau urbanistikoak 1996 urtekoak ziren, ezinbestekoa zen berrikustea eta horretarako partaidetza prozesu bat jarri genuen martxan. Aurrerakina martxan daukagu eta legealdi honetan behin betiko onarpena ematea espero dugu.

Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?

Batetik, trantsizio ekologikoa. Zestoan lursail handiak ditugu eta elikagaien burujabetzaren alde egitea estrategikoa ikusten dugu. Bestalde, argi ikusten dugu energia berriztagarrien aldeko apustua. Izan ere, 2030 urterako kontsumitzen dugun energiaren %30a bertan ekoiztu beharrekoa izango da eta helburu hori lortze aldera, herriko eraikin publikoetan eguzki plakak jartzeko proiektua dugu. Azkenik, Zestoarentzat eta orokorrean Urola bailararentzat oso garrantzitsua den proiektua, Urolako trenaren bide berdea, Zumaiatik Zumarragara doana, amaitzeko bidean dago. Arroa Beko auzotik bide berdera bitarteko lotura hori Udalak berak finantzatu du eta eginda dago. Narrondotik Zestoako Iraeta auzora bitarteko 4 kilometroko lotura falta da. Aldundiak obrak aurten hasiko direla esan digu eta legealdi honetan ere hori amaitzea espero dugu. Onuragarria da Urola Erdiarentzat, baina baita Gipuzkoa osoarentzat ere. / Arg.: