Síguenos en redes sociales:

Herritarrei deia Usurbilgo historia arakatzen laguntzeko

Herritarrei deia Usurbilgo historia arakatzen laguntzeko

1936ko gerrak Usurbilen izandako ondorioak aztertzen ari den lantaldeak herritarrei dei egin die proiektuan boluntario gisa parte hartzera aste honetan . Batik bat dokumentazio lanetan aritu dira, artxiboak kontsultatzen, ekainean hasi zirenez geroztik.

Hemendik aurrerakoak egiteko, ordea, ezinbestekotzat dute herritarren laguntza. Horretarako boluntario talde bat sortu nahi dute eta honi buruz informatzeko herritarrak bilera batera deitu dituzte: martxoaren 3an izango da, 18.30ean, Artzabalgo areto handian.

Ion Martinek, Aitzol Arroyok eta Aitor Azurkik osatzen dute lantaldea. Dokumentazioaren fasea amaitutzat jo dute, eta, orain, parte-har-tzearena irekitzear dira. Aitzol Arroyoren esanetan, fase honetan "testigantzak, elkarrizketa grabatuak, jendeak etxean gordeta dituen argazki edo dokumentuak..." bildu nahi dituzte.

Proiektuko edozein fasetan parte har dezakete boluntarioek, eta mota guztietako laguntza beharko dute: lan fisikoa egiteko zein kontaktuak egiteko, eta abar. Boluntarioak edozein adinetakoak izan daitezkeela gaineratu dute: "Herriaren ezagu-tza, baita herritarrena ere, ezinbestekoa izango zaigu lana garatu ahal izateko". Gaiarekiko interesa duen edonork parte har dezake, beraz, "nahi duenak nahi duen horretan eta nahi duen moduan" laguntzeko aukera izango du.

Izan ere, esku artean dutena "herri proiektu bat" da, eta horregatik da hain garrantzitsua boluntario sarea osatzea, Aitor Azurkik azaldu duenez: "Usurbilgo herriak betidanik izan du auzolanerako grina, eta hori behar dugu: guk bakarrik ezin dugu egin. Badirudi boluntarioen sare bat gauza oso txikia dela, baina guretzat oso garrantzitsua da: zenbat eta jende gehiago, argazki osatuagoa izango dugulako amaieran".

Covid-19a dela eta, edukiera kontuan hartu behar denez, bilerara joan nahi duten herritarrei eskatu diete aurrez izena emateko, 36kogerra@usurbil.eus helbidera ida-tzita. Edozein kontsulta egiteko ere baliatu dezakete herritarrek helbidea.