- Udaltzaingoa 365 egunez arituko da lanean, Beasaingo Udal Gobernuaren legegintzaldi planean jasota zegoen moduan. Urteko egun guztietan zerbitzua ematea zen lortu nahieko helburua, asteburu eta jai egunak ere lan egun bihurtuz eta beasaindarren eskura izanez.

Azken finean, Udaltzaingoaren beharra ere izaten da egun horietan, zenbaitetan aste barruan baino gehiago, eta horregatik egin dute zerbitzua indartzearen aldeko apustua Udaletik. Urte hasieratik martxan dira, beraz, Beasaingo Udaltzaingoa osatzen duten taldekideak.

“Udaltzaingo zerbitzua urteko egun guztietan egotearen proposamena ez da oraingoa. Iazko amaiera aldera langile batzordearekin elkartu ginene Udal ordezkariak, eta hainbat adostasunetara iritsi ginen. Aldaketa batzuk egon dira hasierako ikuspegitik, baina Udaltzaingoa ados agertu da zerbitzu hori ematearekin, egin dugun apustuarekin”, azaldu du Leire Artola, Beasaingo alkateak.

Udal Gobernuak asteko egun guztietan Udaltzaingoaren presentzia egotea lortu nahi zuela gaineratu du alkateak eta emaitzarekin oso pozik daudela: “Lan lerroan jasota geneukan egitasmoa da eta aurrera eraman ahal izan dugu. Garrantzi-tsua da hori. Beraz, balorazio positiboa egiten dugu”.

Gauzak horrela, astegunetan goizetik iluntzera arte eskainiko da zerbitzua, 6.45ean hasi eta 21.15 ingurura arte. Larunbat eta igandeetan, berriz, 12 orduko lanaldia osatuko dute.

Aste honetan, gainera, zaintza pedagogikoa egiten ari dira. Izan ere, motor elektrikoz bultzatutako gurpil bat edo gehiago eta plaza bakarra duten patineteak Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailutzat (MPI) hartzen dira ondorio guztietarako eta beraz, zirkulazio-arauak beteko dituzte, autoek eta motorrek bezala. Orain artean ez zegoen araudi zehatzik, eta horrek asko zailtzen zuen ibilgailu hauen eskubide eta betebeharrak zeintzuk ziren jakitea. Legea indarrean izanda, Udaltzaingoa herritarrak informatzeko lanetan dabil dagoeneko.

Gogorarazi dutenez, patineteek 6 eta 25 km/orduko abiadura bitartean zirkulatu behar dute, eta inoiz ezingo dute espaloietatik zirkulatu ezta oinezko guneetatik. Debekatuta izango dute, halaber, hiriarteko bideetan, zeharbideetan, autobideetan, autobietan edo hiri-tuneletan zirkulatzea. Gainera, Beasaingo Udaltzaingoa jakinarazten dabil txirrinduek ezin dutela zirkulatu espaloi eta oinezko guneetatik.