- Latxartegi aretoak Joxe Mari Auzmendi (1954-2020) legazpiarrari Lekanazpi elkarteak egindako omenaldia hartuko du datorren ostegunean, 19.00etan,. Auzmendi hezkuntzan eta herrigintzan nabarmendu zen. Ipuin, olerki eta musikaren bidez bere ibilbidearen errepasoa egingo dute. Parte hartu nahi dutenek https://labur.eus/JoxeMariAuzmendi Internet helbidean eman behar dute izena.

Joxe Mari Auzmendi Matxain Nafarroako Azkarate herrian jaio zen eta Legazpin bizi izan zen urte luzez. Azken hamarkadak Hernanin eman zituen. Kimikaria zen ikasketaz eta Patricio Etxeberriaren enpresan lan egin zuen. Baina laister Haztegi ikastolara egin zuen salto. Gerora Magisteritza ikasi zuen. Ondoren, Irakasle Elkartean aritu zen eta LAB sindikatuko irakaskuntza atalean Gipuzkoako arduraduna izan zen.

Legazpiko Udaleko zinegotzia izan zen, Herri Batasunaren eskutik. Otsailean, Legazpiko Udalak adierazpen instituzionala onartu zuen. Udalak eskertu egin zuen 1983-1987 legealdian Auzmendik Legazpiko herriaren alde egin zuen lana eta ardura horri eskaini zion dedikazioa.

1982tik 1997ra Lekanazpiko bazkidea izan zen. Euskaltzalea zen eta, besteak beste, Hots eta Ene Bada! euskal aldizkarien sorreran parte hartu zuen. Futbol munduan ere ezaguna izan zen: gaztetan Ilintxan, Bergaran, Eibarren eta Huescan jokatu zuen.

1995. urtean, Legazpiko irakasle lana utzi zuen eta Hik Hasi proiektu pedagogikoaren sortzaileetako bat izan zen. Hik Hasi euskara hutsez argitaratzen den pedagogia aldizkari bakarra da. Urtero jardunaldiak antolatzen ditu.

Auzmendik euskal hezkuntzaren eredu propioaren alde lan egin zuen: jolasaren, euskararen eta hezkuntzaren gaitasun transformatzailearen defendatzaile sutsua izan zen.